2014an sortu zen Abanto-Zierbenako Herri Martxak edizio berri bat ospatuko du datorren igandean, apirilaren 19an. Aurrekoetan bezala, kirolean euskararen erabilera sustatzea, aire zabaleko jarduera fisikoa osasuna lantzeko bide gisa ulertzea eta edonork, bere egoera fisikoa edozein dela ere, parte hartu ahal izatea bermatzea ditu helburu 7,5 kilometro luze izango dituen ibilbide honek. Parte hartzea erabat doakoa da.

Ibilbideak udalerriko hiru auzo nagusiak lotzen ditu: Gallartan hasi, Las Carreras zeharkatu eta Sanfuenteseko frontoian amaitzen da, bertan familia osoarentzako antzerki emanaldia izango delarik. Aurreko edizioetan 400 parte-hartzaile baino gehiago izan dira.

Iñaki Urrutia del Cura alkateak adierazi duenez, “Herri Martxa martxa bat baino gehiago da; herri egiteko modu bat da. Apirilean urtero auzokideak elkarrekin ateratzeak asko esaten du nor garenaz eta nolakoak izaten jarraitu nahi dugunaz”. Halaber, gaineratu du: “Dortsala janzten duen pertsona bakoitzak handiago egiten du festa hau. Apirilaren 19an parte hartzera animatzen zaituztet, gure ingurune naturala gozatzera eta urtez urte udalerriko onena gogorarazten digun goiz batez elkarrekin disfrutatzera”.

Bestalde, Alazne Zenekorta Euskara zinegotziak martxaren jatorria azpimarratu du: “Herri Martxa ideia batetik sortu zen: euskara kirolean eta kalean ere bizi dela, ez bakarrik ikasgelan. Hamabi urte geroago, familiak, adinekoak eta gazteak elkarrekin euskaraz ibiltzen ikustea da bide honek zentzua duela erakusten duen frogarik onena. Horrelako ekimenek erakusten dute euskara normalizatzea eguneroko une atseginetan txertatzea dela”.

Hornidura-gunea Las Carreraseko La Trinidad plazan egongo da; eguraldi txarra eginez gero, Maestra Amalia González Astobiza parkera eramango da.

Egitaraua

Jardunaldia 10:00etan hasiko da, dortsalen banaketarekin, Gallartako Alberto Ezkurdia parkean. Izen-ematea doakoa da, eta une horretan bertan egin ahal izango da, aurretiazko izapiderik gabe. Topagunea erraz identifikatuko da, martxa osoan zehar parte-hartzaileei lagunduko dien eta erritmoa markatuko duen musika duen buggy bati esker.

30 minutu geroago martxa hasiko da, Las Carreraseko La Trinidad plazan atseden-gunearekin (eguraldi txarra eginez gero, Maestra Amalia González Astobiza parkean). Ibilbidean zehar ura ere banatuko da.

Helmuga 12:30-13:00 inguruan izango da, Sanfuenteseko frontoian. 13:00etatik aurrera, Txaloki Antzerki Taldeak ‘Hip Hip Ura’ ikuskizuna eskainiko du, familia osoari zuzendua. Jardunaldia amaitzean dortsala itzultzen dutenek opari bat jasoko dute.

  • 10:00 — Izen-ematea eta dortsalen banaketa. Alberto Ezkurdia parkea, Gallarta
  • 10:30 — Irteera (Gallarta – Las Carreras – Sanfuentes)
  • 12:30 — Helmuga Sanfuenteseko frontoian. Hornidura
  • 13:00 — ‘Hip Hip Ura’ ikuskizuna. Txaloki Antzerki Taldea

Ibilbidea, edonork egiteko modukoa

Ibilbideak udalerriko leku adierazgarrienetako batzuk lotzen ditu, ia 7,5 kilometroko luzerarekin eta bi ordu inguruko iraupenarekin. Edonork egiteko modukoa da: ohiko kirolariek, familiek, adinekoek zein desgaitasuna duten pertsonek parte hartu dezakete.

Martxa Gallartan hasten da, Loredo biribilgunetik eta Euskal Herriko Meatzaritza Museoaren ingurutik igaroz, Concha II meategiaren ikuspegiekin, eta Bide Berdera iristen da. Handik Putxeta auzora heltzen da, eta bertatik Las Carreraseko Maestra Amalia González Astobiza parkera; ondoren, La Trinidad plazara, hornidura egiteko.

Atsedenaren ondoren, ibilbideak Mortuero biribilgunera jarraitzen du, eta San Pedro pasealekutik Parke Teknologikoko sarreraraino; handik Sanfuentes auzora sartzen da, Santa Luciaren behealdetik. Azken zatia auzoko kaleetatik igarotzen da, helmugara iritsi arte.

Ibilbide luzea duen hitzordua, izaera inklusiboarekin

Herri Martxa Abanto Zierbenako egutegiko ekitaldirik errotuenetako bat da. 2014an sortu zen euskararen erabilera sustatzeko kirolean eta aisialdian, eta hasieratik izaera ireki eta inklusiboa izan du, edonorentzat pentsatua.

Martxa Abanto Zierbenako Udalak antolatzen du, Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzarekin eta DEIA, Petronor eta Guedan Servicios Deportivos enpresen babesarekin. Antolakuntzan Gallarreta Mendi Taldeak eta Sendoa Atletismo Taldeak ere laguntzen dute.