Gazteen Prestakuntza eta Enpleguaren I. Azoka jasoko du Amorebieta-Etxanok
Ekimen honen helburua Zornotzako gazteei etorkizun akademiko eta profesionala erabakitzen laguntzeko baliabideak, orientazioa eta harreman zuzena eskaintzea da
Datorren ostegunean, apirilaren 16an, Zelaieta Zentroak Amorebieta-Etxanoko Gazteen Prestakuntza eta Enpleguaren Azokaren lehenengo edizioa jasoko du. Horren helburua udalerriko gazteei etorkizun akademiko eta profesionala erabakitzen laguntzeko baliabideak, orientazioa eta harreman zuzena eskaintzea da.
Gaur goizean egindako aurkezpenean, Ainhoa Salterain alkateak nabarmendu duenez, “Gazteen Prestakuntza eta Enplegu Azoka hau urrats garrantzitsua da Amorebieta-Etxanorentzat, gure gazteei erreferentziazko gune bat eskaintzeko aukera ematen baitigu haien bizitzako une erabakigarrian. Azoka honen bidez, informazioa, baliabideak eta benetako esperientziak eskura jarriz, gazteei euren etorkizuna segurtasun handiagoz erabakitzeko lagundu nahi diegu”.
Azoka 9:00etan hasiko da eta goizean zehar garatuko da, Batxilergoko eta Lanbide Heziketako 400 ikasle inguru bilduz. Parte-hartzaileak Amorebieta-Etxanoko eta inguruko hainbat ikastetxetatik etorriko dira, hala nola FP Zornotza, Urritxe, El Carmelo eta Lauaxeta. Horrela, ekimenak hezkuntza arloa eta enpresa-sarea elkartzeko topagune bilakatuz.
Azokan standa izango duten enpresak
Ildo horretan, egitarauak askotariko jarduerak jasoko ditu. Unibertsitateek, Lanbide Heziketako zentroek eta enpresek standak izango dituzte, ikasleei orientazio pertsonalizatua eskaintzeko eta lan-merkatuan dauden aukerak bertatik bertara ezagutzeko.
Parte hartuko dute, besteak beste, Deustuko Unibertsitateak, EHUko Bilboko Ingeniaritza Eskolak, Mondragon Unibertsitateak, Maristak Durangok, Iurreta LHIIk, Zornotza LHIIk, Idartek, Zulaibar Lanbide Ikastegiak eta Barrutialde LHk, baita enpresa hauek ere: Grupo Gorlan, Adecco, Urbegi, Ormazabal Distribución Primaria, Temporing, Aresar Manufacturing & Sales, IMQ Igurco Orue, Grupo Urgatzi, Dee-Aed eta Lantegi Batuak.
Mahai-inguruak eta topaguneak
Era berean, jardunaldiak tailer praktikoak eta solasaldirako guneak izango ditu, mahai-inguruen bidez. Hezkuntza eta enpresa arloko mahaian Aitzol Batizek, Aisilanen ordezkari gisa; Saioa Arzozek, Ormazabalen ordezkari gisa; eta Iragarne Aboitizek, fFP Zornotza ikastetxeko zuzendariordeak hartuko dute parte. Gazteen mahaian, berriz, We Are Clickers taldeko Nagore Bermeosolok eta Grupo Gorlaneko Goizeder Pistore del Castillok parte hartuko dute, eta euren esperientziak eta ikuspegiak partekatuko dituzte.
Gazteen Prestakuntza eta Enplegu Azokaren lehen edizio honek Udalak Zornotzako gazteen garapen akademikoa eta profesionala bultzatzeko hartutako konpromisoari erantzuten dio. “Hezkuntzaren eta enpresaren arteko topaguneak sortu nahi ditugu, gure gazteak lan-merkatuaren errealitatera hurbilduz eta euren etorkizuna eraikitzeko tresna erabilgarriak eskainiz”, gaineratu du Ainhoa Salterain alkateak.
Gainera, azoka jarraipena izateko helburuarekin sortu da, urtez urte sendotuz eta gazteak lan-merkatuaren aukeretara hurbiltzeko tresna bihurtuz, Amorebieta-Etxanoren etorkizunean duten paper aktiboa indartuz.