Síguenos en redes sociales:

Martxan da Aperribai auzoko laugarren igogailua

Esku hartzeak zazpi hilabeteko iraupena izan du eta 1.300.000 euroko inbertsioa

Martxan da Aperribai auzoko laugarren igogailuaG. U.

1.300.000 euroko inbertsioa eta zazpi hilabeteko lanen ondoren, Galdakaoko Udalak Aperribai auzoko irisgarritasuna hobetuko duen laugarren igogailu publikoa inauguratu du astelehen honetan goizean, apirilaren 13an.

Ekipamenduak Aperribai kaleko 9. eta 25. zenbakiak lotzen ditu, tartean geldialdi bat eginez, 24. zenbakiaren parean, eskolaren ondoan, hain zuzen, auzoko bizilagunen eguneroko joan etorriak erraztuz.

Aurkezpenean izan dira Galdakaoko alkatea, Iñigo Arriandiaga; Hirigintza zinegotzia, Asier Egiraun; eta Aperribaiko auzo elkarteko ordezkari Jose Luis Abelleira eta Maite Biteri. Ekitaldian, auzoak azken urteetan izan duen bilakaera islatu da: ingurune irisgarriagoa, konektatuagoa eta herritarren beharretara gero eta egokituagoa

Ildo horretan, Arriandiagak nabarmendu duenez, esku hartze hau “Aperribaiko auzokideen bizi kalitatean jauzi bat ematea da”. Kontuan izanda auzoan adineko jende asko bizi dela, “irisgarritasunarekin dugun zor historikoari erantzuten ari gara, eta horrek mugikortasuna hobetzea dakar”, esan du alkateak. 

Azpimarratu duenez, “hori da gobernu taldearen apustu argia hasieratik”. Hori dela eta, “herri osoarentzat martxan dagoen planaren barne kokatzen da obra hau, lan handi eta txikiekin”, eta Aperribaiko auzoa “lehentasunetako bat izan da”, esan du.

Horrela, Egiraunek aipatu bezala, “auzoko ezker aldeko irisgarritasuna azken urteetan asko hobetu da, baina alde honetakoa kudeatzea falta zen”. Orain arte egindako esku hartzeen bidez anbulatorioa eta frontoia konektatu dira, eta igogailu honen bidez eskolarako irisgarritasuna hobetu da. Horren harira, “holako auzo maldatsuan zerbitzu publikoak lotzea oso garrantzitsua da”, azpimarratu du zinegotziak. 

Inbertsio handia

Alderdi teknikoari dagokionez, zazpi hilabeteko iraupena eta 1.300.000 euroko inbertsioa egin dela azaldu du Egiraunek. Bestalde, bitxikeria moduan aipatu duenez, igogailuak ez du gehieneko pertsona kopururik baizik eta “pisu jakin bat gainditzen bada alarma aktibatzen da eta igogailua ez da martxan jartzen”.

Abelleirak eta Biterik esan dutenez, “irisgarritasuna konplikatua zen alderdi honetan” eta igogailu berriarekin “askoz errazago” heldu ahal izango dira auzokideak eskolara edo anbulatoriora, “beti lauan edo beheranzko maldan”. Auzokideek oso positibotzat jo dute igogailu hau eta gainontzeko hirurak auzoan jarri izana. 

Hobekuntza nabariak

Galdakaoko Udalak lau igogailu eta arrapala bat eraiki ditu azken sei urteetan Aperribai auzoan. Lehenengo bi igogailuak 2020aren amaieran jarri ziren martxan, eta hirugarrena 2022. urtearen amaieran, eta orain arteko inbertsioa 4.300.000 euro ingurukoa da.

Jarduketa horiei esker, auzoko zenbait gune garrantzitsuen arteko lotura nabarmen hobetu da, hala nola anbulatorioa, eskola eta frontoia. Gainera, lanen ondorioz, ingurunean hainbat hobekuntza ere egin dira, aparkalekuen berrantolaketa edo argiteria publikoaren berritzea esaterako. Bide batez, auzoko goiko aldean haurrentzako jolas gunea ere atontzen ari da.