Bizkaiko Berrikuntza Behatokiak Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Bilboko Merkataritza Ganberaren partaidetzaz Bizkaiko Enpresen 2025eko Eraldaketa Digitalari buruz egindako azterketaren laugarren edizioan, baieztatu egin da ezarpen teknologikoaren maila oso handia izan dela berriro. Izan ere, gaur egun konpainien % 92,3k teknologia digital bat edo gehiago darabiltzatenez, % 7,7ra murriztu da oraindik prozesu hori abian jarri ez duten enpresen ehunekoa (2024ko % 9,0ren aldean).
2024ra arte, heldutasun txikiko eta handiko erakundeen arteko aldea nabaria zen: % 65,3 oinarrizko mailetan zeuden; eta % 25,7, maila aurreratuetan. Edonola ere, 2025eko datuak inflexio-puntua izan dira: enpresen %46,1 fase aurreratuan daude, eta, ia-ia, oinarrizko mailan jarraitzen dutenen ehunekoa (% 46,2) berdindu dute.
Adimen artifizialak heldutasun digitalerako jauzia bultzatu du
Neurri handi batean, jauzi hori adimen artifizialaren (AA) erabileraren hazkuntzaren ondorioa izan denez, gaitasun eraldatzaile handiagoa duten teknologietakoa da. Bere ezarpena 2024ko % 16,6tik 2025eko % 37,1era igo denez, irtenbide disruptiboena izan da enpresen % 25,2rentzat. Hori dela eta, aurreko urteko pertzepzioa bikoiztu da ia-ia. Era berean, etorkizuneko inbertsiorako arlo nagusia ere bada: enpresen % 33,5en aurreikuspenen arabera, baliabideak bideratuko dituzte teknologia horretara (2024ko % 19,5en aldean).
Aldi berean, oinarrizko teknologiak egonkortu egin dira. Oraindik ere, kudeaketako softwarea (ERPak edo CRMak) tresna digital hedatuena da, enpresen %76,2k darabiltelako. Ondoren, honako hauexek nabarmentzen dira: zibersegurtasuna (% 61,4), hodeiko zerbitzuak zein birtualizazioa (% 40,4) eta merkataritza elektronikoa (% 37,7). Irtenbide horiek enpresen digitalizazioari eusten dion oinarri teknologikoa dira gaur egun.
Bestetik, ekoizpen-prozesuekin lotutako teknologien ezarpen-maila txikiagoa izan da berriro, sektore industrialetik kanpo, batez ere. Kudeaketa logistikoko softwarearen ezarpena % 25,6koa izan da; eta ekoizpen-prozesuetakoa, % 23,5ekoa. Beste tresna batzuen ezarpena, ordea, mugatua izan da; esate baterako, produktuaren bizi-zikloaren kudeaketa (% 9,5) edo automatizazio industriala (% 9,0).
Teknologia aurreratuetan bertan, AAren hedapena oso handia izan denez, bere ezarpena % 25,7tik % 46,1era igo da erabat. Bere erabilera, hain zuzen ere, oso handia izan da zerbitzuen sektorean (% 44,4), eraikuntzaren (% 31,4) eta industriaren (%26,0) gainetik. Halaber, lotune argia dago enpresaren tamainarekin: 20-49 langileko konpainien % 40,3k AA darabilte, eta ehunekoa %58,3koa izan da 50 profesional baino gehiago dituztenen artean.
Gainerako teknologia aurreratuen erabilera egonkorra izan da berriro, 3Dko simulazioan eta lantegiko eredu birtualetan izan ezik, % 10,7 eta % 15,4 hazi direlako, hurrenez hurren. 4.0. industriarako funtsezkoak diren irtenbideen erabilera (IoT, ikuspen artifiziala edo blockchaina), ordea, % 5etik beherakoa izan da haien konplexutasun teknikoagatik eta kostuagatik, batez ere, ETE-entzat oso oztopo adierazgarriak direla kontuan hartuta.
Gero eta heldutasun teknologiko handiagoa eta talentuaren zein aholkularitzaren arloko erronkak
Euren digitalizazioan aurrera jarraitzeko orduan enpresek dituzten gaitasunei dagokienez, zenbait indar nabarmendu dira: azpiegitura teknologiko helduak, tresna berriak ezartzeko jarrera ona eta aurrerakuntza digitalen ezagutza zabala. Nolanahi ere, denbora-faltak eta barruko baliabiderik ezak indar horiek mugatzen dituztenez, zaila da proiektuak modu estrategikoan antolatzea eta ezartzea. Enpresen % 41,8k aholkularitza teknikoa eskatu dute, ekimen teknologikoak zehazteko eta bideratzeko.
Profil espezializatuak lortzeko zailtasunek bere horretan diraute: % 39,5ek baino ez dute baieztatu talentu teknologikoa aurkitzeko erraztasuna daukatela. Hori dela eta, aurrerakuntza digitalerako oztopo nagusietakoa da giza kapitala.
Etorkizunari begira, inbertsioaren lehentasunak aldatu direla azpimarratu beharra dago. Enpresen % 69,8ren aurreikuspenen arabera, oinarrizko teknologietan inbertituko dute, hau da, 2023an baino hiru puntu gutxiago. Beraz, badirudi horrelako irtenbideak sendotu egin direla. Aldi berean, teknologia aurreratuen inguruko interesa hazi da: % 38,7k teknologia horietan inbertitzeko asmoa dute, hau da, 2023an baino bederatzi puntu gehiago. Hori dela eta, argi dago AAk bultzatutako gorakada izan dela.
Bizkaiko enpresen ekosistemak urratsak eman ditu digitalizazio estrategikoagorantz
Oro har, emaitzen arabera, Bizkaiko enpresak digitalizazio sakon eta intentsiboagorantz doaz, eta, bertan, zenbat teknologia erabiltzen diren ez ezik, nola integratzen diren eta zenbateko balioa sorrarazten duten ere bada garrantzitsua. Oinarrizko teknologiak sendotu egin direla eta apurka-apurka irtenbide konplexuagoak helburu dituztela kontuan hartuta, agerikoa da enpresa-sarea heldutasun-prozesuan murgilduta dagoela.
AA hedatzen den neurrian (AA sortzailean oinarritutako kostu txikiko tresna eskuragarriak agertzean), bere erabilera ere zabaltzen ari da, baita enpresa txikien artean ere: 10 langiletik beherako konpainien % 35,1ek erabili egiten dute. Etorkizunari begira, funtsezkoa izango da erabilera hori integrazio sakonagoko ereduetarantz edo nahierako garapenetarantz bilakatuko den aztertzea.
Bizkaiko Enpresen Digitalizazioaren Adierazlea azterketa honetan lortutako erantzunen bidez eratu da, eta ondorio hauek indartu ditu: bost puntu baino gehiago gehitu da digitalizazio-maila ertain-handietan edo handietan kokatuta dauden konpainien kopuruan. Beraz, baieztatu egin da benetako aurrerapena gertatu dela heldutasun digitalean.
Horrez gain, antzemandako oztopoak (denbora-falta, talentu espezializatua aurkitzeko zailtasunak edo aholkularitza teknikoaren premia) berezkoak dira fase helduagoetan, eta, bertan, gaur egungo erronka ez da teknologia ezartzea, areagotzea, integratzea eta balioa ateratzea baizik.
Hartara, azterketari esker, baieztatu egin da Bizkaiko enpresak digitalizazioa sakontzeko, areagotzeko eta are gehiago hedatzeko etapan sartzen ari direla. Hori dela eta, lehendik zegoen oinarri teknologikoa sendotuko da, eta apurka-apurka aurrera egingo dute konplexutasun zein eragin eraldatzaile handiagoko irtenbideetarantz.