Saibiko Adinekoen Zentro berria, gertuago
Proiektuak parte-hartze prozesu bat aurreikusten du, galdetegiak, topaketa ireki bat eta emaitzen aurkezpena barne, Saibiko etorkizuneko zentroaren espazioak, zerbitzuak eta funtzionamendua definitzeko
Durangoko Udalak Parte-hartze Prozesu Komunitarioa jarri du abian Adinekoen Zentro berria diseinatzeko, Durangoko 2026ko Adinekoen Beharren Diagnostikoaren esparruan. Helburua da etorkizuneko ekipamenduaren —Euskaltegi zaharrean, Saibi eraikinean kokatuko dena— erabilera eta funtzionamendu-eredua modu parte-hartzailean definitzea.
Jesica Ruiz, Herritartasun alorreko zinegotziak nabarmendu duenez, “Adinekoen Zentro berria 2023-27 legegintzaldi honetako proiektu estrategikoetako bat da, udalak kolektibo horren ongizatearekin duen konpromisoaren adierazle. Parte-hartze prozesu hau aukera bat da Durangoko adinekoei zuzenean entzuteko eta, haiekin batera, haien beharrei, interesei eta bizimoduei benetan erantzungo dien zentro bat eraikitzeko”. Ruizek, gainera, azpimarratu du udalaren helburua da “espazio ireki, irisgarri eta dinamiko bat sortzea, autonomia, ongizatea eta parte-hartze soziala sustatuko dituena”, eta herritarrak —bereziki adinekoak, haien familiak eta gizarte-erakundeak— prozesuaren faseetan aktiboki inplikatzera gonbidatu ditu, ekipamendu erabilgarria eta udalerriaren egungo zein etorkizuneko beharretara egokitua lortzeko.
Diagnostikoaren helburua
Diagnostiko honen xedea udalerriko adinekoen egungo beharrak identifikatzea, herritarren iritziak jasotzea eta proiektua udalaren ikuspegi teknikoarekin lerrokatzea da, emaitzak zentro berriaren diseinurako, zerbitzuetarako eta kudeaketarako irizpide argietan bihurtzeko.
Prozesuaren garapen egokia bermatzeko, udaleko eta EDE Fundazioko teknikariek osatutako jarraipen-talde bat eratu da. Talde horren eginkizuna da faseak gainbegiratzea, sor daitezkeen beharretara egokitzea eta ahalik eta pertsona eta erakunde gehienen parte-hartzea bultzatzea.
Prozesua ondoz ondoko lau fasetan egituratzen da. Lehen fasea, dagoeneko amaituta, informazioa biltzeko tresnak prestatzea eta parte hartu duten udal-arloak eta gizarte-erakundeak identifikatzea izan da. Tresna horiek udalerriaren errealitateari, bizi-kalitateari, antzemandako beharrei eta etorkizuneko zentroko espazio, ekipamendu eta zerbitzuei buruzko galderak jasotzen dituzte.
Bigarren eta hirugarren faseak
Etapa honetan bigarren fasea garatuko da, galdetegietan oinarritua, udalerriko eragileen iritziak sistematikoki biltzea helburu duena. Hiru galdetegi bereizi diseinatu dira: bata herritarrei —bereziki adinekoei— zuzendua, haien egoera, egungo baliabideen erabilera eta zentro berriari buruzko lehentasunak ezagutzeko; bestea udaleko teknikarientzat, zerbitzu publikoen ikuspegitik beharrak, mugak eta aukerak identifikatzera bideratua; eta hirugarrena elkarte eta erakundeentzat, adinekoekin duten harremana eta etorkizuneko ekipamenduan izan dezaketen lankidetza ezagutzeko. Galdetegiak udalaren webgunean eta paperean ondorengo guneetan izango dira eskuragarri: Adinekoen Zentroan, Liburutegian, Durango Kirolak-en eta Otamotzena eraikinean. Galdetegiak martxoaren 25etik apirilaren 24ra bitartean bete ahal izango dira.
Prozesuaren hirugarren fasea maiatzerako aurreikusita dagoen herritarren topaketa izango da. Bertan, elkarrizketarako eta lanerako guneak antolatuko dira, proposamenak zehazteko eta zentroari buruzko ideiak partekatzeko. Topaketa herritarrentzat izango da eta arreta berezia jarriko da adinekoek, zaintzaileek, elkarteek eta udal-arloek parte har dezaten. Laster emango da deialdiaren berri. Laster emango da deialdiaren berri eta diagnostikoaren emaitzak modu irekian zabalduko dira.
2026ko udal aurrekontuan 50.000 euroko partida esleitu da proiektua garatzeko, eta azken definizioa parte-hartze diagnostiko prozesu honetan lortutako emaitzen arabera egingo da.