Foru-museoen sarea ikusarazteko helburuarekin aurkeztu egin du Bizkaiko Foru Aldundiak astearte honetan goizean, martxoaren 24an, martxan jarri berri duen Kuxkuxeatu izeneko kanpaina.

Sarea hainbat eratako tokiek osatzen dute, besteak beste: Muskizeko El Pobaleko Burdinola, non oraindik aukera dagoen burdinola tradizional baten makineria ikusteko martxan dagoela; handik hurbil dagoen Muñatones Gaztelua, oroimenean leinuak eta borrokak gordetzen dituen Erdi Aroko gotorlekua; edo Balmasedako La Encartada Fabrika-Museoa, ehundik gora urte dituzten jatorrizko makinak kontserbatzen dituen ehungintza-fabrika bat, non oraindik ere makinak ikusi eta entzun daitezkeen antzinan bezala

Kostaldean, Bermeoko Arrantzaleen Museoak Bizkaiaren identitatea markatu duen itsas bizimodura eta tradiziora hurbiltzen ditu bisitariak, eta Bakion kokatuta dagoen Txakolin Museoak, berriz, aukera ematen du txakolinaren historia eta prestatze-lana ezagutzeko. Gernikan, bestalde, Euskal Herria Museoak euskal kulturan eta haren mendetako bilakaeran zeharreko ibilbide bat eskaintzen du.

Sarea

Sarean badaude balio handiko natura- eta arkeologia-enklabe batzuk ere: Santimamiñe haitzuloa, gizadiaren ondare deklaratua, edo Omako Basoa, Agustín Ibarrolaren lana, Arteak eta Naturak bat egiten duten aparteko arte-espazio bat. Bilbon, Arkeologia Museoak bisitariak gonbidatzen ditu milaka urtetan zehar bidaiatzera, Bizkaia bizileku izan zuten komunitateek utzitako hondar materialen bidez. Azkenik, bi erakusketa-espaziok osatzen dute sarea: Rekalde Aretoa, arte eta sormen garaikideari buruzkoa; eta Ondare Aretoa, Bizkaiko Lurralde Historikoaren memoriari eta ondare historikoari lotutako jardun kulturala erakusten duen espazio bat. Bilbon daude areto biak.

Kanpainaren sorrerak helburu argia du: aipatutako espazioek kultura, jakintza eta nortasuna transmititzeko duten balioa aitortu eta nabarmentzea, eta bisitariak animatzea espaziook deskubritzera eta bisitatzera eta Bizkaiaren historiara hurbiltzera.

Kuxkuxeatu: gure kultura deskubritzeko gonbidapena

Kuxkuxeatu kontzeptuaren inguruan egituratzen da kanpaina; alegia, museoei beste begi batzuekin begiratzeko gonbidapen bat da, foru-museoen sarea deskubritzeko ikusmina eta jakin-mina nahasten dituen jarrera batekin, hain zuen. Kuxkuxeatuk gure kulturan barrena sartzeko proposamena egiten du, adibidez: ulertu nola prestatzen den txakolina, edo belaunaldi osoak definitu dituzten itsas tradizioak zelakoak izan ziren ezagutzea. Orobat, aukera ematen du milaka urtetan atzera egiteko, ulertzeko nola bizi izan ziren gure arbasoak, edo denboran atzera bidaiatzeko ehungintza-fabrika bat edo ehun urteko burdinola bat ikusteko, eta, hala, Bizkaiaren ondare industriala bertatik bertara ezagutzeko.

Horrez gainera, kanpainak harridura piztu nahi du bisitariengan, arte garaikidearen aurrean, Erdi Aroko gaztelu baten aurrean, antzinako haitzulo baten aurrean edo hurbildu ahala arte-lan bihurtzen den baso baten magiaren aurrean. Azken finean, museoen enklabe foralen bidez eta nor garen ulertzeko aukera ematen duten espazioen bidez Bizkaia kuxkuxeatzeko dei bat da.

Sarea ikusaraziz gero, historiara, sormen artistikora, ikerketara eta ondarera hurbiltzeko modu berriak irekiko dira. Zer garen, nondik gatozen eta gure nortasuna nola eraiki dugun erakusten duten espazioen balioa azpimarratzea da. Kapainak gogororarazten du espazio hauek bisitatzea dela gure kulturarekin berriro konektatzea, espero ez duguna deskubritzea eta Bizkaiari begiratu berrituarekin begiratzea.