Gizarte Lanaren Munduko Egunarekin bat egin du Ermuak
Herritarrei zuzendutako hainbat jarduerarekin ospatuko du Udalak
Astearte honetan, martxoaren 17an, Gizarte Lanaren Munduko Eguna ospatzen da. Ermuko Udalak, urtero bezala, bat egingo du ospakizun honekin, jardueraz betetako programazio batekin. Egitaraua Udal Gazte Zerbitzuekin elkarlanean antolatu dira.
Gizarte Lanaren Munduko Eguna mundu osoko gizarte-laneko profesionalen konpromisoa eta ekarpena aitortzen dituen nazioarteko jardunaldia da. Urtero Gizarte-erronken aurrean aldaketa-eragile, elkartasun-sustatzaile eta konponbideen eraikitzaile gisa betetzen duten eginkizuna nabarmentzeko aukera eskaintzen du.
Aurtengo ediziorako aukeratu den leloa honakoa da: 'Itxaropena eta harmonia eraiki. Harambee aldarria, banatutako gizartea batzeko'. Swahili jatorrikoa den Harambee hitzak "elkarrekin tiratzea", "bat eginda bultza egitea" edo "elkarri laguntzea" esan nahi du, eta konpromiso kolektiboa, elkartasuna eta lankidetza eskatzen ditu desberdintasunei, krisiei eta gizarte-gatazkei aurre egiteko bide gisa.
Jardueren helburua Gizarte Zerbitzuak herritarrei hurbiltzea da, haien lana ezagutzera emanez, eta ongizatea, inklusioa eta gizarte-kohesioa sustatzeko egiten den lanari balioa ematea.
Jarduera bi egunean bertan eta zortzi egun barru
Lehenengo jarduera martxoaren 17an egingo da, Patxi plazatxoan informazio mahaia jarriz. Mahaiak herritarrekiko topagunea izan nahi du, eta, bertan, Gizarte Zerbitzuetako profesionalek dauden baliabideei, programei eta laguntzei buruzko informazioa emango dute, zalantzak argituz eta udal zerbitzu honetatik zer egiten den eta biztanleek bertara nola jo dezaketen azalduz.
Bigarrenik, martxoaren 24an, 17:30ean, hitzaldi egingo da Lobiano Kultur Gunean, 'Gizarte Zerbitzuak zuretzat ere badira' lelopean. Saio horretan Gizarte Zerbitzuak zer diren, zer laguntza mota eskaintzen duten eta zein egoeratan izan daitezkeen baliagarriak herritarrentzat azalduko da.
Jardunaldiaren helburua estereotipoak apurtzen laguntzea eta mezu argia zabaltzea da: Gizarte Zerbitzuak baliabide publikoa dira, eta edozein pertsonak jo dezake bertara bizitzako une desberdinetan.
Ospakizun honen harira, udal liburutegiak erakusketa tematikoa jarriko du, gizarte lanarekin eta honek gizartean duen eraginarekin lotutako lan eta argitalpenak eskaintzeko. Erakusketa martxoaren 17tik 31ra arte mantenduko da zabalik, eta lanbide horren oinarri, erronka eta balioetatik hasi eta esku-hartze esperientzietara, gizarte-azterketetara eta justizia sozialari eta gizarteratzeari buruzko hausnarketetara bitarteko liburuak bilduko ditu.
Jarduera hauekin, Ermuko Udalak irisgarriak eta herritar guztien zerbitzura dauden gertuko Gizarte Zerbitzuekin duen konpromisoa berretsi nahi du.
Temas
Más en Bizkaia
-
El ambiente festivo de la calle corona a Zetak en su segundo concierto en San Mamés
-
Bilbao pone a prueba su red de refugios climáticos ante una ola de calor histórica
-
Irri y Barri recorren Etxebarri para mostrar los servicios y recursos locales
-
Alertan de un bulo sobre la cancelación de la OPE de Osakidetza por el calor