Síguenos en redes sociales:

Tokiko merkataritza eta ostalaritzaren egoera aztertuko du Amorebieta-Etxanok

Lanketa honen bitartez sektorearen egungo egoera ezagutzea du helburu Udalak, etorkizuneko erronkei erantzun eta Amorebieta-Etxanoko merkataritza eta ostalaritza indartzeko neurri eraginkorrak diseinatzeko

Tokiko merkataritza eta ostalaritzaren egoera aztertuko du Amorebieta-EtxanokA. U.

Tokiko merkataritza- eta ostalaritza-sarea eta indartzeko estrategiak garatu nahi ditu Amorebieta-Etxanoko Udalak, eta horretarako egoerari buruzko ikerketa eta diagnostiko sakona egiten ari da lehendabizi. Ekimen honen bidez, udalerriaren errealitatea aztertu nahi da, sektorearen erronkak eta aukerak identifikatzeko.

Lanketa honen helburu nagusia da sektoreko egungo egoera hobeto ezagutzea eta, horren bidez, Amorebieta-Etxanoko merkataritza eta ostalaritzaren garapena bultzatzea, herriko ekonomia eta zerbitzuen kalitatea sendotuz. Azken finean, Udalaren asmoa da zornotzarren ongizatea eta bizi-kalitatea hobetzen lagunduko duten neurriak identifikatzea, tokiko sare ekonomiko sendo eta dinamikoa sustatuz.

Tokiko merkataritza eta ostalaritzaren egoera aztertzeko prozesua

Prozesu honen baitan, pasa den urtarrilean informazio-saio bat egin zen Zelaieta Zentroko auditorioan, udalerriko merkatariei eta ostalariei zuzenduta. Saioaren helburua izan zen abian jarritako ikerketa azaltzea, haren nondik norakoak partekatzea eta sektoreko profesionalen ekarpenak jasotzea.

Topaketan, Tarazaga enpresako proiektu-zuzendari Alfredo Rodríguez-Berzosak azterlanaren helburuak eta lan-ildo nagusiak aurkeztu zituen, eta parte-hartzaileek beren iritziak eta proposamenak partekatzeko aukera izan zuten.

Udalak azpimarratu du sektoreko eragileen parte-hartzea funtsezkoa dela prozesu hau errealitatera egokitua eta benetan erabilgarria izan dadin. Horregatik, merkatarien eta ostalarien ikuspegia eta esperientzia zuzena kontuan hartuko dira, udal-politikak eta etorkizuneko ekintzak modu partekatuan definitzeko.

Ikerketa eta diagnostiko honen emaitzek oinarri sendoa eskainiko dute tokiko merkataritza eta ostalaritza indartzeko neurriak diseinatzeko, eta, horrela, Amorebieta-Etxanok kalitatezko zerbitzuak eta jarduera ekonomiko bizia eskaintzen jarrai dezan.