Galdakaok Elikadura Osasungarriaren inguruko tailerra eskainiko du
Saioa asteazkenean izango da; doakoa da, baina aurrez izena eman behar da
Galdakaoko Izarra Adinekoen Zentroak Elikadura Osasungarriaren inguruko doako tailerra jasoko du datorren asteazkenean, martxoaren 11n, 10:30etik 12:00etara bitartean. Zainduz programak antolatzen du, eta mendekotasuna duten pertsonen zaintzaileei zuzenduta dago.
Saioan zehar, elikadura orekatua mantentzeko jarraibide praktikoak landuko dira, bai zaintzaileentzat bai mendekotasun egoeran dauden pertsonentzat, eguneroko zaintzan nutrizioak duen garrantzia azpimarratuz. Horretarako, egunerokoan erraz aplikatu daitezkeen gomendioak eskainiko dira, hala nola menuen plangintza, erosketen antolaketa, otordu osasungarrien prestaketa, eta abar.
Doako tailerra
Tailerra doakoa da eta Udalak herriko familia zaintzaileei eskaintzen dien babes konpromisoaren baitan kokatzen da; horren bidez, baliabide praktikoak eta prestakuntza guneak eskaintzen dira, haien ongizatea eta artatzen dituzten pertsonena hobetzen laguntzeko. Parte hartu ahal izateko, aldez aurretik izena eman beharko da 944 010 545 telefono zenbakira deituta.
Zainduz ekimena
Saioa Zainduz ekimenaren urteko egitarauaren barne dago, mendekotasun egoeran dauden pertsonen zaintza eta laguntza lanetan diharduten familiei zuzendutako udal ekimena. Urtean zehar, hainbat tailer, laguntza psikologikoko talde, oinarrizko zaintza prestakuntza eta hausnarketa partekaturako gune eskaintzen dira, Death Cafe saioak esaterako; azken hauek harrera oso ona izan dute bertaratu direnen artean.
Horregatik, Udalak Galdakaon zaintza lanak egiten dituzten pertsona guztiak animatzen ditu halako ekimenetan parte hartzera, komunitate sarea indartzen laguntzen baitute eta familietan zaintzak sostengatzen dituzten pertsonen bizi kalitatea hobetzen laguntzen dute.