Síguenos en redes sociales:

Berriatuak bide-segurtasuna hobetuko du biribilgune berri batekin

Aste honetan, Bizkaiko Foru Aldundiak Bizkaiko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta jendaurrean jarri du behin-behineko proiektua

Berriatuak bide-segurtasuna hobetuko du biribilgune berri batekinBFA

Bizkaiko Foru Aldundiak 2.481.973,65 euroko aurrekontua bideratuko du Berriatuko zeharbidean BI-633 errepideko bide-segurtasuna hobetzeko proiektu batean, aste honetan informazio publikoaren izapidean jarri duen bezala. Aurreikusitako egikaritze-epea 13 hilabetekoa da.

Behin-behineko dokumentua aste honetan bertan argitaratu da Bizkaiko Aldizkari Ofizialean, foru-erakundeak oniritzia eman ondoren.

Helburuak

Lanek bi helburu dituzte, batetik, zirkulazioa baretzea eta, bestetik, oinezkoak hobeto ibiltzea. Jarduketa nabarmenena Zelaieta – Zeharbide kaleen inguruan biribilgune bat eraikitzea izango da, abiadura murrizteko eta sarbideak antolatzeko. Biribilgune berri horri esker, noranzkoa modu seguruago batean aldatu ahal izango da, eta zirkulazioa arinduko da.

Horretaz gain, hauek ere sartu dira proiektuan: oinezkoen ibilbideak lotzeko espaloi-tarte gehiago egitea; seinalizazioa hobetzea, eta abiadura zeharbidearen ezaugarrietara egokitzea. Hori dela eta, hiri-eremuan, abiadura 30 km/h-ra mugatuko da; sarbideetan, berriz, 40 km/h-ra. Debekatuta egongo da txarto ikusten den puntuetan ezkerretara biratzea, inork maniobra arriskutsurik egin ez dezan.

Bigarren fasea

Geroago, esku-hartzea osatzeko, bigarren jarduketa-fase bat egongo da Madalena auzoaren eta Ondarroako saihesbidearen arteko eremurako. Gaur egun, horretarako proiektua idazteko fasean dago. Tarte horretan, beste biribilgune bat eraikiko da zeharbidearen irteeran, Cikautxo enpresarako sarbidearen parean. Bi biribilgune horiek herrira sartzeko ateak balira bezala funtzionatuko dute, segurtasuna handitu, eta hiri-eremuko zirkulazioa baretuko dute.

Gainera, gaur iragarritako proiektuak beste alderdi batzuk ere aurreikusi ditu, hala nola bide-zorua berritzea, euste-sistemak modernizatzea, eta seinale bertikalak eta horizontalak eguneratzea. Autobus-geltokiak ere hobetuko dira, apartaleku eta markesina berriak jarriko baitira futbol-zelaiaren ondoan, Ondarroarako norabidean.