Aste honetatik eta apirilaren 12ra arte, Rekalde Aretoak Bilbon jaiotako Ra Asensi artistaren [Barne] lurra izeneko erakusketa ikusi ahal izango da Rekalde Aretoan, Bizkaiko Foru Aldundiaren barriek programaren barruan antolatuta.
Ziklo horrek foru-erakundearen arte plastikoen eta ikusizko arteen beken onuradun izan diren sortzaileak biltzen ditu urtero, eta haien ikerketa berrienen garapena erakusteko plataforma bat eskaintzen du.
Ra Asensiren jardunaren ezaugarria da gorputzaren muga materialak hedatzen dituzten artefaktuak eta gailuak sortzen dituela. Bere lana zeramikaz eta haren prozesuez, ekintza-arteaz, argazkigintzaz —argi-aztarnatzat hartuta— eta eskulturaz elikatzen da, eta gorputzen, teknologien eta naturen arteko igurtziak sortzen ditu. Azken urteotan, bere ikerketaren ardatza izan da soinua, ukimena eta materialtasuna konektatzea, eta esploratzea lengoaia horiek nola lotzen zaizkien elkarri, pertzepzio-modu berriak aktibatzeko.
Artistaren ibilbidea
Artistak ibilbide sendoa du, eta banakako zenbait erakusketa egin ditu, hala nola Objektu geldi[ezin] BilbaoArte Fundazioan, Erresistentzia Moldatu Gabea Montehermoso Kulturunean (Gasteiz), Tentare Mapamunditarrak proiektuaren esparruan, asteröidea RKE - Getxoarten eta Zure barnean daramazun laba TACAn (Palma Mallorcakoa). Bere lana nazioarteko espazio eta testuinguruetan ere ikusgai egon da; hauetan, besteak beste: V2-Unstable (Rotterdam), Art House Foundation Studio D (Londres), 019-Ghent (Gante), Tabakalera (Donostia), Galería Fran Reus (Palma), Colonia Industrial Cal Rosal (Berga), Festival Mercurio / Cervantes Institutua (Palermo), ECOS (Rekalde Aretoa) eta BAP (Guggenheim Bilbao Museoa).
Alderdi pertsonala, historikoa eta materiala
[Barne] lurra erakusketan, Asensik alderdi pertsonala, historikoa eta materiala lotzen dituen begirada proposatzen du, eta lurraldearen zauri irekiei eta prozesu estraktibistetatik eratorritako desberdintasunei heltzen die. Bere hurbilketak, zeina Florian Weigl komisarioak "poetiko, boteretsu eta konplexurik gabe" gisa deskribatu baitu, gonbita egiten digu gizakien, inguruneen eta ezkutuko oroitzapenen arteko harremanak birpentsatzeko. Weiglek azpimarratu duenez, artista "azaleko oihartzun instituzional bat sortzetik harago doa; azpian dauden istorioak sakontzen ditu, zaurietara jo eta miazkatu egiten du, eta (norbere)birsorkuntzarako espazio bat sortzen du".
Erakusketa entzuteko eta erresonantziako lurralde gisa aurkezten da. Bertan, lanek historia-, afektu- eta materialtasun-geruzak esploratzeko bidea ematen diete ikusleei, eta begirada barrurantz eta lurrerantz aldatzeko aukera irekitzen.