Urtero bezala, Amorebieta Etxanoko Udalak bat egingo du martxoaren 8an ospatuko den Emakumeen Nazioarteko Egunarekin. Aurrekoetan bezala, egun horretan Emakume Nekazari eta Artisauen azokaren edizio berri bat ospatuko da, 28. edizioa konkretuki.

Urtero bezala, Zornotzako Udalak antolatutako ekimen honek aukera ematen du Euskal Herriko emakume ekoizle eta artisauen lana gizarteratzeko, eta aldi berean, tokiko eta kalitatezko produktuak herritarrengana hurbiltzeko.

Baldintzak eta izen-emate epea

Azoka martxoaren 8an izango da, Zubiondo parkean, 10:00etatik 15:00etara. Parte hartu nahi dutenek bihartik, otsailaren 2tik, otsailaren 15era arte eman dezakete izena. Ekoizle bakoitzari bi mahai esleituko zaizkio bere produktuak saltzeko. Postu bat lortzeko, interesdunek udal webguneko ‘izen emateak’ atalean eman beharko dute izena, bertan dagoen online formularioa betez eta eskatutako dokumentazioa aurkeztuz.

Parte hartzeko, ezinbestekoa izango da produktu guztiak emakumeek ekoitziak eta Euskal Herrian egoitza duten emakumeek aurkeztuak izatea. Gainera, parte-hartzaileek Gizarte Segurantzan alta izatea eta kuotak egunean edukitzea eskatzen da. Elikagai edo kosmetikoak saltzekotan, osasun-erregistroa, “elikagai manipulatzaile” txartela eta/edo “nekazaritza-ustiapen” txartela ere aurkeztu behar dira.

Hautaketa prozesuan, Amorebieta-Etxanon erroldatutako emakumeek izango dute lehentasuna. Eskabidea kategoriaren arabera egin beharko da, eta honako hauek dira aurten kontuan hartuko diren kategoriak: gozogintza, okintza, haragi-produktuak, barazkiak, esnekiak eta/edo kontserbak, txakolina eta/edo sagardoa, dekorazio-artea , arropak, bitxiak, osagarriak eta hainbat produktu, loreak, zilarrezko artikuluak eta txosna gunea. Kategoria bakoitzean gehienez bi ekoizle hautatuko dira, eta hautaketa eskatutako dokumentazioa osorik eta epe barruan aurkezteko ordenaren arabera egingo da.

Ebazpena otsailaren 18an jakinaraziko da, eta hautatutako pertsonek lau eguneko epea izango dute parte-hartzea berresteko eta informazio osagarria bidaltzeko. Zalantzak argitzeko edo informazio gehiago jasotzeko, berdintasuna@amorebieta.eus helbidera idatz daiteke.