Ostegun honetatik aurrera, urtarrilak 29, zabalik egongo da Barakaldoko Zamalandako kafetegia kudeatzeko eskaintzak aurkezteko epea. Emakida hori lizitaziora ateratzen den bigarren aldia da, aurreko prozedura esleitu gabe geratu ondoren..
Deialdi berri honetan aldaketa garrantzitsuak egin dira, emakida erakargarriagoa izan dadin, eta ostalaritza-ustiategian sartu da ur- eta jolasjardueren kudeaketa, ingurunea erabiltzeko eta dinamizatzeko aukerak handitzeko. "Zamalanda erabilera aukera asko eskaintzen dituen espazio ikusgarria da. Bi zerbitzuak batzeak ostalariak parkean jarduera mantentzera animatu ditzakeela uste dugu", adierazi du David Solla Inguraldeko presidenteak.
Emakidaren barruan sartzen da aisialdiko jarduera nautiko publiko bat egitea, parkearen eta dartsenaren erabilera orokorrarekin bateragarria, kafetegizerbitzuarekin batera. Ezarritako gutxieneko kanona hilean 1.900 eurokoa da, eta bi erabilerak biltzen ditu. Gutxieneko eta nahitaezko jarduera arraun-nabigazioa izango da, kanoak, piraguak, paddle surfaren taulak eta pala edo arraun bidez propultsatutako antzeko beste artefaktu batzuk barne. Horiek kafetegiaren ondoan horretarako sortutako lokalaren barruan gorde ahal izango dira.
Horren osagarri, baldintza-agiriak uretako beste jarduera batzuk baimentzen ditu, hala nola hidropedalak, belomarrak edo ur-motoak, baldin eta erabilera arrazoizkoa bada, udal-jarduerak oztopatzen ez baditu, indarrean dagoen sektoreko araudia betetzen badu eta dagozkion baimenak baditu.
Era berean, parkeari lotutako aisialdiko eta kiroleko beste jarduera batzuk ere onartzen dira, hala nola kirol-arrantza edo bizikleten eta mugikortasun pertsonaleko elementuen erabilera, betiere emakidaren baldintza orokorren arabera.
Proiektu publikoa, bateragarria eta iraunkorra
Emakidadunak zehaztuko ditu jolas-jardueren ordutegiak eta tarifak, baldintzaagirian ezarritako mugen barruan. Gutxieneko aisialdiko jarduera nautikoa urtean gutxienez 30 egunez ez eskaintzea edo instalazioak baimendu gabeko erabileretara ez bideratzea ez-betetze larritzat hartuko da. "Udal-kontrol bat egongo da erabilera ludikoa, irisgarria eta ingurune naturalarekin bateragarria bermatzeko, erabilera intentsiboak edo pribatizatzaileak saihestuz. Gainera, informazio guztia elebiduna izango da, euskaraz eta gaztelaniaz, eta eskuragarria", adierazi du Sollak.
"Berriro saiatzen gara kafetegiari eta uretako jarduerei bizia ematen, Zamalandaren aldeko apustua egiten baitugu aisialdi iraunkorreko gune gisa, herritar guztiei irekia eta itsasadarrarekin lotura osoa duena; espazio horrek, esan bezala, hasieratik gogorarazten du iragana harrotasunez, eta etorkizunari begiratzen dio naturaz eta uraz gozatzeko aukerak eskainiz, gure hiria dinamizatzeko oso garrantzitsua dela uste duguna", amaitu du.