Datorren urtarrilaren 17an, Gernika-Lumoko Astra gunean haur eta nerabeen ongizate digitalari buruzko hitzaldi bat emango da. Busturialdeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak antolatuta bereziki familiei eta hezitzaileei zuzenduta dago.
‘Haur eta nerabeen ongizaterako gakoak’ izenburupean, saioan beharrezkoak diren tresnak azalduko dira telefono mugikorren erabileran helburu egokiak definitzeko, familia- eta hezkuntza-ingurunean laguntza kontziente eta arduratsua sustatuz.
Hitzaldia euskaraz izango da, 11.00etatik 13.00etara, eta Telmo Lazkano hezkuntza eta osasun digitalean adituak hartuko du parte. Bertan, teknologiak adingabeen eta gazteen garapenean duen eraginari buruzko esperientzia eta ezagutzak partekatuko ditu.
Lazkano Gizarte Zientzietako irakaslea da eta hezitzaileentzako psikologian eta haur eta nerabeentzako psikoterapia laburrean espezializatua. Horrez gain,sare sozialetan eta pantailetan aditua da. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak EAEko adikzioen arloko praktika onenaren saria eman zion (2022-2024).
Ekimen honen helburua, hausnarketa sortzea eta tresna praktikoak eskaintzea da, gailu mugikorren erabilera orekatua eta osasungarria sustatzeko adin goiztiarretatik.