Síguenos en redes sociales:

Galdakaok protagonismoa izango du 2026ko Itzulian

Udalak eta OCETAk hitzarmena sinatu dute, udalerria hurrengo edizioko ibilbidean egon dadin

Galdakaok protagonismoa izango du 2026ko ItzulianG. U.

Ostiral honetan goizean ofizializatu da: Galdakaok protagonismo handia hartuko du 2026ko Itzulian, bertan hasi eta amaituko baita lasterketaren etapa bat. Gaur bertan sinatu egin da hitzarmenaren kontratua.

Honako hauexek parte hartu dute kontratua sinatzeko ekitaldian: Galdakaoko alkatea, Iñigo Arriandiaga Hernando; Kiroletako zinegotzia, Asier Korta; Gazteriako zinegotzia, Amets Iturbe; OCETAko presidentea, Javier Riaño; OCETAko Harreman Instituzionaletako arduraduna, Iker Amarika; eta elkarteko idazkaria, Olatz Otero. Hitzarmen horren bidez, udalerria modu ofizialean egongo da txirrindularitzako probako ibilbidean, nazioarteko egutegiko hitzordu nabarienetakoa dela kontuan hartuta.

Galdakaok kultura eta historia zabala dauka txirrindularitzaren arloan, eta, urteen joan-etorrian, harreman estu-estua izan du Itzuliarekin. OCETAko presidenteak, Javier Riañok, adierazi duenez, hitzarmen hau oso garrantzitsua da udalerriarentzat: “pozarren gaude, txirrindularien lurra den Galdakaora itzuli garelako. Itzulia eta Itzulia Women askotan igaro dira hemendik, baina 1996az geroztik Galdakaon ez da etaparik egon”.

Alkateak, Iñigo Arriandiaga Hernandok, berretsi egin du Galdakaok harreman hori daukala Galdakaorekin. Egiten duten lan eskergagatik, eskerrak eman dizkie Galdakaoko Txirrindulari ElkarteariMozoilo Triatloi Elkarteari eta Txirrindulari Gelari. Azken horretan, hain zuzen ere, lan nekaezina egiten da Igor Antonen zuzendaritzapean, txirrindularitzaren kultura neska-mutilen artean sustatzeko asmoz. Ziur jarraipena emango diotela Galdakaok txirrindularitzarekin daukan harreman horri. Talde horientzat guztientzat, harrobi horrentzat eta herritar guztientzat berezia izango da gure herrian munduko txirrindulari onenei harrera egitea.

Irteera eta helmuga Galdakaon bertan egongo direnez, udalerriak lasterketarekin daukan harreman historikoa indartuko da, eta 2026ko edizioko ibilbidean duen agerpena sendotuko da. Hitzarmenean, bi alderdien arteko lankidetza-esparrua ezarri da, lasterketako jardunaldia udalerrian bertan antolatzeko eta garatzeko.

Albistea sinaduraren egun berean eman da jakitera, orduantxe hasiko direlako elkarrekin lan egiten hurrengo Itzulian Galdakaon garatuko den etapa prestatzeko.