EGEF - Ekintzailetzarako eta gizarte-eraginerako funtsa Bizkaiko Foru Aldundiaren mendeko Seed Capital Bizkaia sozietateak kudeatzen du eta, honezkero, 3,81 milioi euro inbertitu ditu gizarte-eragina duten 21 enpresatan; beraz, funtsezko tresna bilakatu da Bizkaiko gizarte-ekintzailetzaren babesean. Gizarte-eragina duten 20 enpresa inbertsiodun horiek 28 milioi euro fakturatzen dituzte guztira, eta 641 pertsonarentzako enplegua sortu.
Funtsak, 2014an eratu zenetik, 600.000 eurorainoko laguntzak eman ditu ekonomia zirkularrean, lan-inklusioan, zainketetan, hezkuntzan, osasunean eta antzekoetan diharduten enpresen proiektuetarako. Guztizko inbertsioari buruzko datuetan ikus daiteke zer-nolako ekarpena izan duten proiektu laguntzadunek bai gizartean, bai dinamismo ekonomikoan, bai lurraldeko ekoizpen-sarea indartzen.
Biocarbon CGT Basque Countryko milioi erdi bat euroren partaidetza
EGEF zorroan, gizarte-eragina eta bideragarritasun ekonomikoa uztartzeko gai diren enpresa-ereduen aniztasuna dago islatuta. Besteak beste, laguntza izan duten 20 ekimen horien artean, hauek daude:
- BIOCARBON CGT BASQUE COUNTRY: 2025eko abenduan, Seed Capital enpresak 500.000 euro inbertitu ditu ekonomia zirkularreko eta bioteknologia aurreratuko proiektu horretan. Industria-proiektu aitzindaria da Europan, bioikatzean oinarritutako erretxina biokonposatuak eta biopolimeroak fabrikatzeko, sektore hauetan: automobilgintza, pakete konpostagarriak, eraikuntza edo zola teknikoak. Ekimena aliantza batetik sortu zen, hain zuen, Ebaki XXI enpresaren -Bizkaiko zuraren eraldaketako liderraren- eta Kanadako Competitive Green Technologies enpresaren -biomaterialen nazioarteko erreferentearen- arteko aliantzatik. Eta aurreikusita dago Muxikan industria-instalazio bat jartzea. Proiektuak 2,2 milioi euroko inbertsioa ekarriko du guztira, eta, hari esker, aditibo fosilen ordez karbono-aztarna txikiagoko alternatiba berriztagarriak egongo dira, enplegu kualifikatua sortuko da, kimika berdeari lotutako gaitasun berriak sustatuko dira, eta trakzio-efektua emango zaio lurraldeko ekosistema industrial eta teknologikoari.
- BASQ: oinetako jasangarrien enpresa da; zapatilak diseinatzen eta egiten ditu material jasangarrien eta ekonomia zirkularraren printzipioekin bat datozen prozesuetan, eta kontsumo-eredu kontzienteago eta jasangarriago baten alde egiten du.
- KOIKI: azken miliako logistika jasangarrian espezializatutako gizarte-enpresa da; baztertuta geratzeko arriskuan dauden pertsonentzako enplegua sortzen du, eta ingurumen-inpaktu txikiko banaketa-eredu batez baliatzen da.
Zer da EGEFa? Zertarako balio du?
EGEF - Ekintzailetzarako eta gizarte-eraginerako funtsa Seed Capital Bizkaiak kudeatutako inbertsio-tresna bat da, eta gizarte-eragin nabarmena duten enpresa-ekimenak sustatzea eta sendotzea du helburu. Fiare Banca Éticaren, Anesvad fundazioaren eta San Prudentzio lan-fundazioaren babesa du; gainera, hiru entitate horiek erreferentziazkoak dira gizarte-eremuan, eta inpaktu-ikuspegia indartzen dute.
EGEFa, Europako funts aitzindaria
2014an, funtsa eratu zenean, Bizkaiko Foru Aldundia izan zen Europako lehenengo administrazio publikoa gizarte-eragin handiko enpresa-proiektuak babesteko funts bat abian jartzen. Ordutik aurrera, EGEFa bideratuta egon da enpresa emergenteak eta helburu ekonomikoak eta gizarte- eta ingurumen-helburuak uztartzen dituzten enpresak sustatzera.
Inbertitzeko modu bat baino gehiago dago, hau da, kapital-partaidetzen bidez edo proiektu bakoitzaren hazkunde-beharretara egokitutako finantza-tresnen bidez, helburua baita finkatzen laguntzea eta eskalagarriak eta jasangarriak izatea. Finantza-ekarpenaz gain, funtsak beste hauek ere eskaintzen ditu: akonpainamendu estrategikoa, inpaktuaren neurketa, eta inbertitzaile espezializatuen sareekiko konexioa.
EGEF estrategiaren ildoak bat egiten du garapen jasangarriaren lehentasunekin; izan ere, sustatzen dituen ekimenek laguntzen dute gizarte-kohesioa, komunitatearen ongizatea eta eredu ekonomiko inklusibo eta arduratsuagoa hobetzen. Apustu horren ondorioz, Bizkaia lurralde aitzindaria da inpaktu-inbertsioari dagokionez Estatuan eta Europan.
Seed Capital Bizkaia, enpresa-ehunerako inbertsio-eragilea
Seed Capital Bizkaia foru-sozietate bat da, Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomia Sustatzeko Sailari atxikita dago, eta hiru hamarkada baino gehiagoko ibilbidea du enpresak finantzatzen, hasierako faseetan eta hazkunde-faseetan. Haren xedea da Bizkaian enplegua eta aberastasuna sortzeko gaitasuna duten proiektu berritzaileak bultzatzea. Horretarako, inbertsio publikoa eta kapital pribatua uztartzen ditu, eta ahalmen handiko ekimenak garatzen lagundu.