Ondarroako Udalak Urrezko Bikain ziurtagiria eskuratu du, hots, Eusko Jaurlaritzak euskararen arloan ematen duen aintzatespen gorena. Aitortza hori abenduaren 16an jasoko du Urtza Alkorta alkateak, Gasteizko Europa Jauregian izango den ekitaldian. Hala ere, Udalak nabarmendu prozesu osoa ez dela akreditazioa eskuratze hutsera mugatu; kontrara, bidean hobekuntza-beharrak modu zehatzean identifikatzea izan da lanaren beste ardatz nagusietako bat.

Udalak 1.000tik 950 puntu lortu ditu, bikaintasun maila nabarmena erakutsiz. “Gure aurretik egon diren ordezkari zein langileen lan onaren ondorioa ere bada, hau bide luzea delako, etengabe eta egunero egiten dena”, adierazi du alkateak.

Ebaluazio-txostenak funtsezko hiru alderdi nabarmentzen ditu. Lehenengoa, Udalak euskara hutsean funtzionatzeko duela urte batzuk hartu zuen erabaki irmoa, gaur egun bere jardunean erabat integratuta dagoen apustua. Hizkuntza-irizpide aurreratuek politika publiko guztien diseinuan eta kudeaketan dute eragina.

Euskararen sustatzailea

Bigarrena, euskara ohiko lan- eta zerbitzu-hizkuntza dela: bilerak, osoko bilkurak, aktak, txostenak eta izapideak euskaraz egiten dira, eta aniztasun-batzordeak Telegram bidezko aldibereko itzulpena ere erabiltzen du.

Hirugarrena, Udalak euskararen sustapenean egiten duen “traktore lana”, Euskara Batzorde baten sorrerarekin, Euskaraldia eta Korrika bezalako kanpainekin, errenta euskaraz egiteko urteroko ekimenarekin eta euskara hutsean eskainitako komunikazioa zein kultura eta eskolaz kanpoko ekintzekin.