Bidebarrieta Zientifikoa zikloa itzuliko da asteazkenean
'Garun-plastikotasuneko mekanismoak' hitzaldi-solasaldia eskainiko du Gaskon Ibarretxe biologoak
Datorren asteazkenean, abenduaren 10ean, arratsaldeko 19:00etatik aurrera, 'Garun-plastikotasuneko mekanismoak' hitzaldi-solasaldia jasoko du Bidebarrieta Kulturguneak, Bidebarrieta Zientifikoa zikloaren barruan antolatutakoa. Gaskon Ibarretxe biologoak, EHUko Biologia Zelularra eta Histologia Saileko irakasleak eskainiko du hitzaldia.
Horrela, garunaren plastikotasunean esku hartzen duten prozesuen funtzionamendua jorratuko du; adibidez, neurogenesia, hots, zelula ametatik neurona berriak sortzea edo konektibitate neuronala berrantolatzea, besteak beste. Halaber, hartutako kalte zerebrala (HKZ) duten hainbat pazienterengan ikusitako hobekuntzaren atzean prozesu horien errefortzua dagoela azalduko du; izan ere, garun-funtzioa nabarmen errekuperatu dute, gertakari traumatikoak jasan ondoren.
Garunaren plastikotasuna garunak bere egitura, konfigurazioa eta funtzioa aldatzeko duen gaitasun intrinsekoa da, esperientziaren, ikaskuntza berriak jasotzearen edo kalte zerebralaren arabera. Prozesu horren barnean, informazioa kodetzeko zenbait mekanismoak esku hartzen dute, seinale elektriko eta kimikoetan oinarritzen dira, eta nerbio-sistema zentralaren egokitzapena eta errekuperazioa errazten dute.
Gaskon Ibarretxe Bilbao Neurozientzian doktore egin zen Euskal Herriko Unibertsitatean (EHU), eta irakasle osoa da EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko Biologia Zelularreko eta Histologiako Sailean. Signaling Lab ikerketa-taldeko kidea ere bada, eta doktoratu aurreko eta doktoratu osteko bi hamarkadatik gorako esperientzia du honako arlo hauetan: neurozientzia, biologia zelularra, histologia, zelula amak eta garapenaren biologia.
Gaur egun, haren ikerketa-ildo nagusia zelula amen biologia da; bereziki, hortz-mamitik datozenak, eta hezurrak, hodiak, muskuluak eta nerbioetako ehunak birsortzera bideratutako ingeniaritza-prozesuetan aplikatzeko duten potentziala aztertzen du.
Hitzaldira joan ezin izatekotan, streaming bidez ikusi ahal izango da Bidebarrieta Kulturgunearen YouTubeko kanalean.
Temas
Más en Bizkaia
-
Txirrindularien eta oinezkoen arteko elkarbizitza sustatzeko kanpaina abiarazi du Getxok
-
Abenduaren 15era arte egongo da zabalik Durangoko Baserritarren Merkatuko postuetarako lizentzia eskatzeko epea
-
Markina-Xemein visibiliza el papel de las mujeres agricultoras
-
Los bomberos sofocan un incendio en un edificio escolar de Elorrio