Bizkaiko Foru Aldundiaren Ogasun eta Finantza sailak 164,3 milioi euroko aurrekontua izango du 2026an, aurreko urtean baino % 3,07 handiagoa. Horrela azaldu du ostegun honetan, azaroaren 6an, Itxaso Berrojalbiz foru-diputatuak.

Aurrekontu horren helburua da Bizkaiko zerga-sistema berrikustea; zergadunei zerga-betebeharrak betetzeko aurrez aurre, telefonoz eta bide digitalen bidez ematen zaien laguntza indartzea eta; azkenik, zerga-kudeaketarako eta zerga-iruzurraren aurkako borrokarako Foru Ogasunak ezarritako sistemak garatzea.

2026ko aurrekontuaren partidarik garrantzitsuena langileen ordainsariena da, gastu guztien % 56,67 hartzen baitu. Partida hori, 93,1 milioi eurokoa, % 2,09 hazi da 2025eko aurrekontuarekin alderatuta.

Nabarmentzekoa da, halaber, Foru Aldundiaren Informatika Planera bideratutako 44,5 milioi euroren zenbatekoa. Plan horretan sartzen dira Lantik-ek Ogasun eta Finantza Sailari egiten dizkion zerbitzuak, eta zenbateko hori aurrekontu osoaren % 27,07 da, % 8,21 hazi ondoren. Atal honetan sartzen dira Batuz-ek eskatzen dituen garapen informatikoak, PFEZaren eta beste zerga batzuen kudeaketa, Ogasuna Egoitzan eta beste zerga-administrazio batzuekiko informazio-trukeak.

Itxaso Berrojalbizek beste hauek ere nabarmendu ditu: Zugaztel-ek telefono bidez ematen duen zergadunen arreta-zerbitzurako 7,9 milioi euroak eta Bizkaiko katastroa mantentzeko eta eguneratzeko bideratutako 2,6 milioi euroak. Horrek indartu egin du, aurten ere, sailak herritarren arretari ematen dion lehentasuna.

Era berean, Ogasun eta Finantza Sailak honako hauetarako egiten duen ahalegina ere azpimarratu du: Ekonomia Ituna aztertzeko eta zabaltzeko, EHUk eta Renoko Unibertsitateak egindako jardueretarako (159.000 euro), Ad Concordiam elkarteak egindakoetarako, eta, ezin aipatu gabe utzi, EAEko ikastetxeetako ikasleentzako zerga-hezkuntzako moduluaren aldeko apustua sendotzeko.

Ogasun Sailaren aurrekontuan 650.000 euroren zenbatekoa ere jaso da proiektu estrategikoak koordinatzeko eta bultzatzeko, lurralderako gakoak diren jarduerak edo Europako espezializazio-bekak finantzatzeko funtsak erakartze aldera.