Bizkaiak 195 milioi euro inbertituko ditu errepideen kontserbazioan eta segurtasunean
Zenbateko hau Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako Foru Sailaren aurrekontu osoaren % 71,6 da
Ostegun honetan, azaroaren 6an, Bizkaiko Foru Aldundiko Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako sailak datorren ekitaldirako aurrekontua aurkeztu du, Carlos Alzaga foru diputatuaren bidez, Batzar Nagusietako Ogasun eta Finantzen batzordean. Hala, sailaren 2026ko aurrekontua 250.689.000 eurokoa izango da, aurtengoa baino % 1.63 gehiago.
Alzagak adierazi duen bezala foru-errepideen sareko 1.300 kilometroen kontserbazio- eta segurtasun-lanek 140 milioi euroko aurrekontua izango dute, urteko 365 egunetako 24 orduetan erabiltzaileei arreta ematea bermatuz. Era berean sailak bizikleta-azpiegitura berriak eraikitzeko mugikortasun jasangarriaren aldeko konpromisoari eutsiko dio eta horretarako 53,5 milioi euro izango ditu. Bi jarduketa hauek sailaren aurrekontu osoaren % 71,6 inguru biltzen dute.
Abian dauden jarduketak eta proiektu berriak
2026an zehar, besteak beste, 6,7 milioi inbertituko dira foru-errepideetako zoruak leheneratzeko, eta 440.000 euro MKZ, mugikortasuna kudeatzeko zentroa, eraberritzeko eta handitzeko obretarako. Bizkaiko tuneletako segurtasuna, Europako maila altuan garatzen dena, milioi bat eurokoa da.
Gainera martxan dauden proiektuetako inbertsioak mantenduko dira, hala nola Markinako saihesbidea, eta beste batzuk hasiko dira, adibidez itsasadarraren azpiko tunela eta Ermuko saihesbidea (1. Fasea, Urtian). Ildo beretik, Errekalde, Muskiz, Ermua (2. fasea, Mallumendi), eta Elorrio-Kanpazar eta Sollubeko saihesbideak eraikitzeko proiektuak idazten jarraituko da. Enkarterriri dagokionez bertan gutxienez bi jarduketa burutuko dira datorren urtean: La Herrera-Malabrigo lotura eta Sopuertako biribilgunea.
Era berean aurrekontuek lurraldeko udalerrien segurtasuna handitzeko partida bat aurreikusten dute, 0,2 milioi euroko zuzkidura izango duen udal errepideen eta foru-sarearen arteko loturak hobetzen lagunduko duen dirulaguntzen dekretu baten bidez. Horrez gain Bidesarea Planeko zenbait jarduketetara bideratutako partidak gehituko dira.
2026an Bizkaiko Bide-Azpiegituren Berrikuntza eta Jasangarritasunerako II. Plana gauzatzen jarraituko da, 2027ra begira jarrita; horrela, besteak beste, sarearen digitalizazioarekin, ibilgailua-azpiegitura komunikazioarekin, Green Corridor proiektuarekin eta ekonomia zirkularrarekin jarraituko da, eta kontratuetan berrikuntza-klausulak txertatzen jarraituko da.
Mugikortasun jasangarria
Bizkaiko Foru Aldundiak mugikortasun jasangarria bultzatzeko egin duen apustuak bizikleta-azpiegitura berriak eraikitzeko ezinbesteko sustapena ekarri du. Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako Saila Bizkaiko Bizikleta Bideen Lurralde Plan Sektoriala ezartzen ari da. Plan honek Aldundiaren eta udalerrien arteko lankidetza eraginkorra sustatzen du, Bizkaian bizikletazko mugikortasunari bultzada homogeneoa emateko.
Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako 2026ko aurrekontuak 53,5 milioi euroko partida aurreikusten du Bilbo eta Getxo arteko itsasadarreko bulebarrean eta All Iron zubian lanekin jarraitzeko; zubi honek Erandio eta Barakaldo lotuko ditu bizikleta eta oinezkoen plataforma baten bidez. Lanean jarraituko dute besteak beste, halaber, Erletxeta-Larrabetzu eta Erletxeta-Boroa bizikleta-pistetan eta Bilbao-Basauri-Etxebarri, Markina-Etxebarria eta Alonsotegi bidegorrietan.
Bizkaia orekatu baten diseinuaren esparruan Bizkaiko Foru Aldundia buru dela Enkarterri, Arratia eta Durangaldeko Lurralde Plan Partzialak egiten eta izapidetzen jarraituko da.