Síguenos en redes sociales:

Cirque du Soleil Barakaldora helduko da

Karpa Handia Ansioko Azoka Eremuan instalatuko da

Cirque du Soleil Barakaldora helduko daB. U.

Hamairu urteren ondoren, Cirque du Soleilen Karpa Handia Bizkaiara itzuliko da. Astearte honetan goizean, azaroaren 4an, Barakaldoko alkate Amaia del Campok, Cirque du Soleilen Nazioarteko Merkatuetako marketin manager Itxaso Barriosek eta Barakaldoko Kultura arloko zinegotzi Nerea Canterok Kurios - Bitxikerien Kabinetea aurkeztu dute.

Itxaso Barrios Cirque du Soleil-en Nazioarteko Merkatuetako Marketin Managerrak adierazi duenez, "oso pozik gaude Kurios Bizkaira dakargulako. Oso une berezia da konpainiarentzat: hamahiru urte igaro dira Cirque du Soleil-ek bere karpa hemen altxatu zuenetik, eta ikuskizun honekin itzultzeak izugarri hunkitzen gaitu". Gainera, Barriosek iragarri duenez, KURIOS -"emankizun hain indartsua, hainbesteko energiaz betea, ezen ezin duzun saihestu Karpa Handitik dena posible delako sentsazioaz ateratzea"- datorren maiatzaren 17ra arte egongo da Barakaldon, eta data berrietarako sarrerak gaurtik aurrera egongo dira eskuragarri.

Bestalde, Amaia del Campo Barakaldoko alkatearen esanetan, "gure hiria prestatuta dago tamaina honetako ekitaldiak hartzeko. Oraingo honetan, Cirque du Soleil Ansioko Azoka Eremuan ezarriko da, hala maila teknikoan nola konexioei dagokienez beharrezko baldintza guztiak betetzen dituen gunean: aparkaleku-eremu handiak eta lotura ezin hobeak garraio publikoarekin, metroz zein autobusez, milaka lagun bertaratzea erraztuko dutenak".

Horrez gain, alkateak azpimarratu du Zirkuaren beraren aurreikuspenen arabera Barakaldon egingo duen egonaldiak milioi bat eurotik gorako eragin ekonomikoa izango duela eta 215 lanpostu sortuko dituela. Hori dela eta, ziur baieztatu du Cirque du Soleil Barakaldora etortzea aukera paregabea izango dela hirirako, bai kultur esparruari egingo dion ekarpenagatik bai hiriko jarduera ekonomikoari emango dion bultzadagatik.

Kurios esperientzia paregabea

Kritikak mundu osoan goraipatua, Kurios -Bitxikerien Kabinetea ikuskizunak modu harrigarrian jorratzen du beste behin Cirque du Soleil-en estilo bereizgarria, akrobazia ikusgarriak poesia-, arte- eta umore-ukitu freskagarriarekin uztartuz. Kuriosek, errealitatetik ateratzeko ihesaldi haluzinagarriak, steampunk estiloan inspiratutako jai-giroko unibertsoa dakar, non ustekabekoak nonahi ageri diren.

Iragan alternatibo, baina ezagun batean, Kurios Zientzialari baten laborategi mekanikoan barneratuko da. Zientzialaria ziur baino ziurrago dago mundu ezkutu eta ikusezin bat dagoela, ideiarik eroenez eta ametsik apartenez betea. Gauza miragarrien mundu horretarako atea irekitzea lortzen duenean, denbora erabat geldituko da; orduan, beste mundu bateko hainbat pertsonaia haren bitxikerien kabineteaz jabetu, eta bere sorkuntzei bizia emango diete, banan-banan. Ikus daitekeena ikusezin bilakatu eta perspektibak eraldatu ahala, KURIOS ¿ Bitxikerien Kabinetea irudimenaren boterearen ospakizun bikaina bihurtuko da.

2014an Montrealen estreinatua, Kuriosek 6 milioi ikusle baino gehiago hipnotizatu ditu mundu osoko 40 hiritan, 50 laguneko artista-taldeak eskaini dituen 3000 emanalditan baino gehiagotan.