Bederatzi langabe kontratatuko ditu aurten Amorebieta-Etxanok
Lanbidek kofinantzatuta, kontratazio hauek abenduaren 20an hasiko dira, eta sei hilabeteko iraupena izango dute
Amorebieta-Etxanoko Udalak bederatzi pertsona kontratatuko ditu urtea amaitu baino lehen, espazio publikoen eta berdeguneen mantentze lanerako zortzi peoi eta taldeburu bat, alegia. Kontratazio-prozesua martxan jarri da Enplegu Planaren barruan, eta kontratuak sei hilabetekoak izango dira, abenduaren 20an hasita.
Lanbide – Euskal Enplegu Zerbitzuak kofinantzatuta, ekimenaren helburua da udalerrian enplegua sustatzea eta langabeen enplegagarritasuna hobetzea.
Hala, deialdiaren bitartez espazio publikoen eta berdeguneen mantentze lanetarako 8 peoi eta taldeburu bat kontratatuko dira. Kontratuak 6 hilabetekoak izango dira eta abenduaren 20an hasiko dira.
Baldintzak eta izena emateko prozesua
Interesdunek Lanbideren webgunean argitaratutako eskaintzen bidez eman beharko dute izena. Izena emateko epea azaroaren 16ra arte egongo da zabalik.
Hautaketa-prozesu honetan parte hartu ahal izateko, hautagaiek baldintza hauek bete beharko dituzte:
- Lanbiden enplegu-eskatzaile gisa erregistratuta egotea
- Gutxienez urtebetez Amorebieta-Etxanon erroldatuta egotea
- Taldeko arduradunaren lanpostuaren kasuan, B motako gidabaimena izatea.
Gainera, honako agiri hauek aurkeztu beharko dira: NAN edo AIZren kopia bat, DARDE (EABA) dokumentua, lan-bizitzaren txostena eta, hala badagokio, B. gidabaimenaren kopia.
Tokiko enpleguaren aldeko konpromisoa
Amorebieta-Etxanoko Udalak enplegua sustatzeko eta tokiko garapen sozioekonomikoa bultzatzeko konpromisoa berretsi du. Kontratazio horiei esker, gainera, hiri-mantentze lanak eta ingurunearen zaintza indartu ahal izango dira, udalerriko bizi-kalitatea hobetzen lagunduz.
Informazio gehiagorako, interesdunek Udal Enplegu Bulegora gerturatu (San Miguel kalea 3) edo 94 630 00 02 telefonora dei dezakete (luzapena 1402).