Síguenos en redes sociales:

Ermuak % 2 igoko ditu tasak eta zergak 2026an

Gobernu-taldearen aldeko eta oposizioko taldeen kontrako botoekin

Joan den ostegunean, urriaren 30ean, ospatutako osoko bilkuran, Ermuko udalbatzak behin-behinean onartu zuen 2026ko ordenantza fiskalak aldatzea, PSE-EE/PSOE (6) eta EAJ/PNV (3) gobernu-taldearen aldeko botoekin eta EH Bilduren (4), Elkarrekin Ermuaren (2) eta PPren (2) kontrakoekin. Tasa eta zerga gehienak %2 igoko dira, aurtengo aurreikusi den -%2,7- KPIaren azpitik. "Gobernu-taldeak aurreikusten den igoera osoa herritarrengan ez helaraztea, eta eguneratze-igoera neurritsuagoa aplikatzea, bizitzaren kostuaren azpitik", adierazi zuen alkateak.

Beatriz Gámizen hitzetan, "proposamena ez da eguneratze linealera mugatzen. Hobekuntza espezifikoak eta aurrerakoiak ekarri ditugu: hobariak familia ugarientzako ibilgailuen zergan, eta, lehen aldiz, baita beren familia-errentara egokitutako guraso bakarreko familientzat ere. Azken horiek hobariak izango dituztelarik baita ere gazteen kultura-zerbitzuetara, udalekuetara eta jardueretarako, gutxiago ordainduz familia ugariek bezala. Gutxiago ordainduko dute baita ibilgailu elektrikoen titularrek. Mendekotasun-ordenantza guztiz berrikusi dugu inor atzean gera ez dadin, eta %90eko hobaria sartu dugu ICIOn, irisgarritasuna hobetzeko obrak egiten dituzten komunitateentzat”.

EAJ-PNVk proposamena defendatu zuen arrazoi honengatik: "inguruko herri guztien ia azpitik dago, daukaten alkatetza izanda ere. Beraz, badirudi finantzaketa-beharrak guztiei eragiten digula, alderdia berdea, gorria edo urdina izanda ere".

EH Bilduko bozeramaileak adierazi zuenez, "ez dugu uste udalaren iraunkortasun ekonomikoa bermatzeko bide bakarra OHZ %2 igotzea denik, ezta Ermuak behar dituen politika publikoak bermatzeko ere”. Taldeak zuzenketa aurkeztu zion 1. ordenantza fiskalari, eta horretan proposatu zuen OHZren karga %0,31ra murriztea 110.000 eurotik beherako katastro-balioa duten etxebizitzei eta hori bera saltokiei ere. Taldearen zuzenketa eskaera ez zen onartu.

Elkarrekin Ermuak proposatu zuen "zerga-erreforma integrala egitea, Ermuko zergak herriko herritarren errentara egokitzeko. Denboraz egitea proposatzen dugu, batzorde politiko-teknikoa sortuaz, non banan-banan aztertuko ditugun zerga horiek, foru-araua aztertuko eta ikusiko dugu zenbateraino aukerak dauden, progresibitatea hobetzeko”. Taldeak ez du aurten zuzenketa partzialik aurkeztu.

PPk, bere aldetik, zergak izoztea proposatu zuen. "Ez da zergak igotzeko unea, baizik ditugun baliabideak hobeto kudeatzeko unea. Ez dugu miraririk eskatzen; sen ona eta enpatia eskatzen diegu egunero aurrera ateratzeko borrokatzen direnei. Ermuko bizilagun baten errenta 16.000€ ingurukoa da urtean, eta hori ez da luxu handietarako”, adierazi zuen bozeramaileak. Taldeak hainbat proposamen jasotzen zituen zuzenketa aurkeztu zuen, ez zena onartu.

Udal-zergak eta -tasak arautzen dituzten ordenantzen 2026rako aldaketa behin-behinekoa da, eta jendaurrean jarriko da 30 egun baliodunez, interesdunek espedientea aztertu eta erreklamazioak, alegazioak edo iradokizunak aurkeztu ahal izan ditzaten.