Bizkaiko Foru Aldundiak hitzarmen bat sinatu du Ermuko Udalarekin eta Izarra fundazioarekin, abian jartzeko Bizkaiko industriako ETEentzako datugune bat Izarra Centreren. Azpiegitura digital partekatu, elkarreragingarri eta segurua izango da, lurraldeko enpresa txiki eta ertainek aurrera egin dezaten datuen ekonomiarantz.

Proiektuak guztirako 896.415 euroko inbertsioa izango du: foru-erakundeak 467.500 euro jarriko ditu, eta udalerriak eta fundazioak aurrekontuaren gainerakoa. 2026an egingo da proiektuaren lehen urratsa, hala erantzungo baitzaie Debabarreneko Eskualdeko Plan Estrategikoan hartutako konpromisoei. Izan ere, Debabarrena lehentasunezko jarduketa-eremua da lurraldeko industria eta ekonomia suspertzeko, Bizkaiko Foru Aldundiak, Eusko Jaurlaritzak eta eskualdeko udal guztiek sustatuta: Eibar, Deba, Elgoibar, Soraluze, Mutriku, Mendaro, Ermua eta Mallabia.

Bizkaiko industriako ETEentzako datugune horren bidez, ingurune federatu bat diseinatu, hedatu eta finkatu nahi dute, industria-enpresek, administrazioek eta berrikuntza-ekosistemako eragileek datuak ustia eta parteka ditzaten modu seguru, kontrolatu eta trazagarrian.

Plataforma horrek ahalbidetuko du enpresek, ETEek batez ere, bakarka garatu ezin dituzten zerbitzu eta ahalmenak eskuratzea eta, horrela, produktibitatea areagotzea, industria-prozesuak optimizatzea, energia aurreztea, eta datuetan oinarritutako negozio-eredu gehiago sortzea.

Datutegiaren operadorea eta kudeatzailea: Ermuko Udala eta Izarra fundazioa

Ermuko Udala datutegiaren operadorea izango da, eta arduratuko da azpiegitura komuna eta gobernantza-eredua koordinatzeaz. Izarra fundazioak, berriz, instantzia zentrala kudeatuko du, oinarrizko plataforma garatu, eta egiaztapenetarako erabilera-kasuak gauzatuko ditu zenbait eremutan, hala nola mantentze-lan prediktiboan, energia-efizientzian edo industria-trazabilitatean.

Proiektuak euskarritzat du IoT Basque Izarra Lab laborategian berrikuntza teknologikoan izandako aurretiazko esperientzia, entitate biak horren sustatzaileak izan baitira eta oinarri bihurtu baita gune berriaren kontzeptua eta aitzinirudi-ingurunea lortzeko.

Azpiegiturak eragin eraldatzailea izango du tokiko eta eskualdeko ekonomian. Ermua Bizkaiko berrikuntza industrialaren mapan kokatzen da, teknologia, lankidetza eta iraunkortasuna uztartzen dituen garapen ekonomiko adimentsuaren aldeko apustuarekin, enpresa txiki eta ertainei eta herritarrei aukera berriak eskaintzeko. Datu-espazio hori, gainera, enpresa txiki eta ertainentzako aukera-berdintasunerako tresna bat da, teknologiarako sarbidea demokratizatzeko modu bat.

Ekimena bat dator Bizkaiko Foru Aldundiaren estrategia honekin: industria-sarearen lehiakortasun jasangarria indartzea digitalizazioaren bidez, teknologia aurreratuen bidez eta lankidetza publiko-pribatuaren bidez. Era berean, eskualdeko garapen-estrategiaren parte ere bada, proiektu estrategikoak bultzatzen ditu eta.