Herritarren artean irakurzaletasuna sustatu nahian, Ermuko udal liburutegiak irakurketa-klub berri bat jarri du martxan. Oraingo honetan 2014, 2015 eta 2016 urteetan jaiotako gazteei bideratuta dago. Zabalik dago jada parte hartzeko izena emateko epea.

Jarduera honen helburua euskaraz nahiz gaztelaniazko lanak irakurriz ondo pasatuko duen lagun-talde bat sortzea da. Irakurketaz gozatzeko, liburu eta egile berriak ezagutzeko, iritziak partekatzeko eta pentsamendu kritikoa sustatzeko gune gisa planteatzen da. Ipuinak, komikiak, olerkiak edo istorioak irakurriko dira, gero guztien artean komentatuko direnak. Gainera, sormenarekin eta literaturarekin lotutako beste jarduera mota batzuk ere egingo dira, eta saioetako batean, bertan aipatzen den liburuaren egileak parte hartuko du.

Alaine Agirre izango da irakurketa klub honen dinamizatzailea. Haur eta gazteentzako liburuen egile gisa ibilbide interesgarria egin du, eta hainbat literatur sari irabazi ditu.

Guztira 6 saio izango dira ikasturtean zehar. Hilean behin izango dira, 17:30etatik 18:30etara, liburutegiko hirugarren solairuan. Lehenengo datak azaroaren 6a eta abenduaren 4a dira. Azaroko saioan komentatuko den liburua "Hau ez da zoo bat" izango da (Alaine Agirre, Iratxe López de Munain) eta abendukoan "Oilasko hegalak" (Eider eta Arrate Rodríguez).

Izen-ematea Liburutegian egin daiteke, 943 17 92 12 telefonoan, WhatsApp bidez edo biblioteca@udalermua.net helbidean. Interesatuek honako datu hauek eman beharko dituzte: izen-abizenak, Liburutegiko bazkide-txartelaren zenbakia, jaioteguna, telefonoa, ikastetxea eta amaren edo aitaren helbide elektronikoa.

Plazak mugatuak dira eta izen-emate ordenaren arabera esleituko dira. Izena emateko unean azaroaren 6ko saioan komentatuko den liburuaren ale bana entregatuko da.

Plaza bat lortzen dutenek saio guztietara joateko konpromisoa hartzen dute. Bi saiotara ez joateak plaza galtzea ekarriko du, itxarote-zerrendan inor egonez gero. Gainera, erreserba-zerrendara pasako dira zuzenean izena ematen duten liburutegiak antolatutako hurrengo jardueran, baldin eta izena emateko lekua baino gehiago badago.