Gernikako Bakearen Museoan ikusi ahal izango da asteburu honetatik aurrera Orratz-begia. Gerrako umeak izeneko erakusketa. Inaugurazioan Leixuri Arrizabalaga Arruza Euskara, Kultura eta Kiroleko diputatuak hartu du parte, Euskal Herria Museoaren izenean, eta, bestetik, Jose Mª Gorroño Etxebarrieta Gernikako Bakearen Museoa fundazioko presidenteak.

Erakunde laguntzaileetako ordezkariek ere parte hartu dute: Intxorta 1937 Kultur Elkartea; Mónica Jato, Birminghameko Unibertsitateko irakaslea eta Memory as Transgenerational Care ikerketa-taldeko kidea, eta Josu Chueca, EHUko irakaslea.

Orratz-begia. Gerrako umeak / El ojo de la aguja. Gerrako Haurrak aldi baterako erakusketa da, eta aldi berean erakutsiko da Gernikako Bakearen Museoan eta Euskal Herria Museoan. Espainiako Gerra Zibilean atzerrira eraman zituzten Euskal Herriko 34.000 umek baino gehiagok bizitakoaren memoria berreskuratu eta ikusarazten du erakusketak, eta esperientzia hori belaunaldiz belaunaldi nola transmititu (edo isildu) den erakusten du ere.

Belaunaldien artean partekatutako memoria

Erakusketa 2025eko urritik 2026ko otsailera bitartean egongo da irekita, eta Arrasaten, Southamptonen eta Gernikako Euskal Herria Museoan 2023. eta 2025. urteen bitartean egindako tailerretan bildutako ahozko lekukotzak, dokumentuak, argazkiak eta objektuak ditu. Tailer horietan, erbestea zuzenean bizi izan zuten pertsonak eta haien ondorengoek parte hartu zuten, eta memoria kolektiboa eta erreparazio sinbolikoa landu zituzten.

Erakusketa bi museoek antolatu dute, Intxorta 1937 Kultur Elkartearen, Birminghamgo unibertsitatearen y BCA’1937 UK-Euskadi elkartearen laguntzarekin, eta Euskal Herriko umeen erbestealdia aztertzen du, hartu zituzten herrialdeen —Amerika, Belgika, Katalunia, Frantzia, Britainia Handia eta SESB— arabera banatuta, eta XX. mendeko migrazio-mugimendu behartuekin lotzen du. Hala, Gernikako Bakearen Museoak Belgikara, Britainia Handira, SESBera eta Txilera erbesteratutakoen bizipenak hartuko ditu, eta Euskal Herria Museoak, berriz, Frantzian, Katalunian eta Amerikan izandakoenak.

Alicia García Berguaren, Ana Arregiren eta Joseba Sarrionaindiaren olerkien bidez eta Judith Martínez Estradaren, Cecilia Zabaletaren eta Joxerra Melgizoren lan artistikoaren bidez, familia-oroitzapenak ondare bizi bihurtzen ditu erakusketak, eta iragana eta oraina interpelatzen ditu.

Orratz-begia. Gerrako umeak proiektua

Gerra hasi eta bederatzi hilabetera, Franco jeneralaren soldadu matxinatuek iparraldeko frontera eraman zuten indarkeriaren fokua. Eremu horretako hiri batzuek (Durango, Otxandio, Gernika) hegazkineria frankistaren erasoak jasan zituzten, Alemaniako Luftwafferen eta Italiako Aviazione legionarioaren hegazkinen laguntza zuela. 1936.-1937. urteetan, 34.000 euskal umek baino gehiagok beren etxeak utzi, eta asiloa bilatu zuten Katalunian, Frantzian, Erresuma Batuan, Belgikan, SESBen eta Latinoamerikako hainbat herrialdetan (Mexiko, Txile...). Hala, Europako umeen lehen migrazio-mugimendu masiboetako bat hasi zen 30eko hamarkadan. Erbestean, II. Mundu Gerra hasi ondoren, ume horietako batzuk Britainia Handian (Operation Pied Piper), SESBen eta Europako beste herrialde batzuetan bonbardaketetatik eta gerra-fronteetatik urrun eramateko ebakuatu ziren umeen multzoan sartu ziren.

Orratz-begia. Gerrako umeak aldi baterako erakusketaren xedea da historia hori eta memoria horiek berreskuratzea, eta erakustea nola transmititu diren (edo ez diren transmititu) esperientzia horiek belaunaldiz belaunaldi. Erreparazio eta justizia sinbolikoa lortzeko bidetzat jotzen du transmisioa.