Datorren asteazkenean, urriaren 8an, ireki egingo du Barakaldoko Udalak Gabonetako udal kolonietan izena emateko epea. Hamaika urtera arteko udalerriko neska-mutilei bideratutako jarduera da, eskola-oporren garaian familiabizitza eta lan-bizitza uztartzen laguntzeko helburuz. Urriaren 15era arte egongo da zabalik, online edo 010 telefonoaren bidez, baita kultura-etxeetan eta zentro zibikoetan ere. Plazak esleitzeko zozketa elektronikoa urriaren 17an egingo da.
Aurreko edizioetan bezala, 140 plaza eskainiko dira, eta horietatik % 5 aniztasun funtzionala duten haurrentzat gordeko dira. Gainera, familiek aukeratu ahal izango dute jantoki zerbitzua erabiliko duten ala ez.
Jarduera abenduaren 23, 24, 26, 29, 30 eta 31n eta urtarrilaren 2 eta 5ean eskainiko da, 3 eta 11 urte bitarteko haurrentzat. Kolonien ordutegia 9:00etatik 15:00etara izango da, eta sarrera eta irteera ordu erdiz aurreratu eta atzeratuko da, hurrenez hurren ¿8:30ean sartu eta 15:30ean irten¿, familien lan-ordutegiekin bateragarriago egiteko. Beti bezala, bi gune izango dira: bat Gurutzetan, 35 plazarekin, eta bestea Barakaldo erdigunean, 105 plazarekin.
Izen-ematea online egin ahal izango da, etxean ziurtagiri elektronikoa (B@kQ) izanez gero - Barakaldoko Udalaren webgunean, Egoitza Elektronikoan, eta bilatzailean "Koloniak" hitza sartuta - , 010 telefonoaren bidez edo kultura-etxeen eta zentro zibikoen telefonoetara deituta.
B@kQ txartela doan eska daiteke Herritarren Arretarako Zerbitzuetan -Herriko Plaza, Gurutzeta eta Clara Campoamor- hitzordurik hartu gabe.
Udal kolonien prezioak 9,60 euro eta 95,84 euro artean daude, familiaren dirusarreren arabera, jantokia eskatzen den ala ez kontuan hartuta. Jantokirik ez
hautatuz gero, prezioak 9,60 eta 78,64 euro artekoak izango dira. Familiaren bigarren edo hirugarren haurra izena ematen badu, deskontuak egingo dira, parte hartzen duten anai-arreben kopuruaren arabera: familiek dagokien prezio-maila baino bat, bi edo hiru maila beherago ordainduko dute.