Síguenos en redes sociales:

Pertsona nagusientzako urriko jarduerak aurkeztu ditu Galdakaok

Jarduera guztiak doakoak dira eta beharrezkoa da Adinekoen Dinamizazio Zerbitzuan izena ematea

Kultur proposamenak, aisialdi aktiboko proposamenak eta partekatzeko topaketak biltzen dituen programa eskainiko du urrian zehar Galdakaoko Udaleko Gizarte Ekintzako Adinekoen Dinamizazio zerbitzuak.

Gainera, urriaren 1ean Pertsona Nagusien Nazioarteko Eguna dela eta, ‘Trikipaseoa’ antolatu da, hamaiketakoa eta musika ibilaldia barne, abestiak herriko txoko ezberdinetara eramanaz. Hitzordua 11:00etan izango da, udaletxe ondoko kioskoan, eta jarduerak 13:00ak arte iraungo duela aurreikusten da. Parte hartzaileei jaietako zapiarekin joateko proposamena egiten zaie.

Hauek dira urrirako programatutako jarduerak:

  • Hitzaldia: Urriaren 9an ‘Zentzuz eta duintasunez bizi, azken hasperenera arte’ hitzaldia eskainiko da Torrezabal Kultur Etxean, 18:15ean. Izen ematea ostiral honetatik aurrera egin daiteke, urriak 3.
  • Bisita kulturala: Bilboko hilerrira (Derio), urriaren 21ean, asteartea. Bisita euskaraz izango da 10:00etan eta gaztelaniaz 12:00etan. Parte hartzeko beharrezkoa da izena ematea, datorren astelehenetik aurrera, urriak 6.
  • Ibilaldia: Urriaren 30ean, osteguna, Gobela, Negurigane eta Algorta arteko ibilbidea egingo da. Izen-ematea beharrezkoa da eta urriaren 15etik aurrera egin ahal izango da. Gehienez 30 lagunek egin ahal izango dute ibilbidea.
  • Memoria tailerra: hiru taldetan egingo da. 1. taldea Danok Aurrera zentroan hasiko da, urriaren 22an, 10:00etatik 11:30etara. 2. eta 3. taldeak urriaren 24tik aurrera izango dira, 10:00etatik 11:30era eta 12:00etatik 13:30era, hurrenez hurren. Izen emateak zabalik urriaren 8tik aurrera.

Horiez gain, adineko pertsonen beharrei erantzuten die zerbitzuak. Aisialdirako jarduerak proposatzen ditu, IMSERSOko bidaien inguruko informazioa eta jubilatu eta pentsiodunentzako informazioa eskaintzen du (Terma programan, garraioetan deskontuak…) eta orotariko kontsultak eta aholkularitza ematen ditu.

Proposatutako jarduera guztietan, izena emateko lehen egunean, arreta ordutegia 08:00etatik 13:30era izango da; gainerako egunetan, Adinekoen Dinamizatzeko Zerbitzuaren bulego ordutegia 10:00etatik 13:30era izango da astelehenetik ostiralera, eta ostegunetan 16:00etatik 18:00etara. Pertsona bakoitzeko gehienez 2 inskripzio onartuko dira jarduera guztietan.