Ikasturte berriaren hasierarekin batera, Durangoko Udalak martxan jarri du udal ludoteka-zerbitzua. Bihar, irailaren 24an, irakiko da izena emateko epea. Aurtengo ikasturtea urritik urtarrilera bitartean egongo da abian, biak barne, eta 2015 eta 2021 urteen artean jaiotako haurrei bideratuta dago.
Ludotekaren helburu nagusia familiei haurrentzako espazio seguru eta estimulatzailea eskaintzea da; sormenaren, autonomiaren eta harreman-gaitasunen garapena jolasaren bitartez bultzatuz.
Ludoteka-zerbitzua asteburuetan eskainiko da, ondorengo ordutegian:
- Larunbatetan, 17:00etatik 20:30era.
- Igandeetan, 17:00etatik 20:00etara.
Zerbitzua udal instalazioetan garatuko da, eta haur-animazioan eta adin tarte ezberdinetara egokitutako jolas- eta hezkuntza-jardueretan aditua den langile talde batek dinamizatuko du.
Izen-emate epea
Interesa duten familiek irailaren 24tik urriaren 1era bitartean egin ahal izango dute izen-ematea, bi bide hauetako edozein erabiliz:
- Online, kartel informatiboetan eskuragarri dagoen QR kodearen bidez formularioa betez.
- Aurrez aurre, Intxaurrondo Gazte eta Kultur Bilgunean (Laubideta 6, Durango), astelehenetik ostiralera, 9:00etatik 13:00etara.
Edozein zalantza argitzeko edo informazio gehiago jasotzeko, intxaurrondo@durango.eus helbide elektronikora idatzi edo 94 603 00 30 telefono zenbakira deitu daiteke.
Durangoko Udalak familiei ekimen honetan parte hartzeko gonbita luzatzen die. Zerbitzua urriaren 4 eta 5eko asteburuan jarriko da martxan, eta helburua haurren ongizatea sustatzea eta Durangoko umeen artean elkarbizitzarako eta ikaskuntzarako espazio partekatuak bultzatzea da.