Síguenos en redes sociales:

Bizenta Mogel Bibliotekak ikasturtea hasi du

Zabalik dago 2025-2026 ikasturteko jardueretan izena emateko epea

Bizenta Mogel Bibliotekak ikasturtea hasi duD. U.

Irailaren hasierarekin batera, Durangoko Bizenta Mogel Bibliotekak hasiera eman dio 2025/2026 ikasturteari, irailetik ekainera bitartean egingo diren ikastaroaz osatutakoa.

Irakurketa eta herritarren parte-hartze aktiboa sustatzeko konpromiso sendoarekin, bibliotekak helduei zein haurrei zuzendutako jarduera-eskaintza zabala prestatu du. Aurten lau nobedade nagusi daude helduentzat; filosofia, zientzia eta zinemari buruzko hiru irakurketa-klub berri, eta Afrikako emakumeen literaturari buruzko ikastaroa.

Helduentzako programazioan, eztabaida, hausnarketa eta ikaskuntza sustatzeko diseinatutako jarduera ugari aurki daitezke. Proposamenen artean honakoak aurkitzen dira:

  • El Club del LP (Entzule-taldea, gaztelaniaz): Rock eta soul disko adierazgrriak aztertzeko gunea, entzute kritikoa egiteko eta haien testuinguru historikoaz eta eragin kulturalaz eztabaidatzeko aukera emango du. 
  • Irakurketa labana bat da (Irakurketa kluba, euskaraz): Euskarazko literaturaren inguruko kluba, narratiba, saiakera, komikia eta poesia ardatz hartuta.
  • Miércoles de club (Irakurketa kluba, gaztelaniaz): Irakurketa partekatua, gaur egungo gaiak zalantzan jarri eta aztertzera gonbidatzen duten liburuei buruzko hausnarketa.
  • Madres e hijas que cuentan (Irakurketa kluba, gaztelaniaz): Literaturaren bidez ama eta alaba izateko modu desberdinei buruz hausnartzera gonbidatzen du.
  • Lo social en el cómic ( Komikizale kluba, gaztelaniaz): Komikietan agertzen diren gai sozial, politiko eta kulturalak aztertzeko espazioa.
  • Dimelo hilando (Irakurketa eta ehundura taldea, gaztelaniaz): Irakurketa eta eskulanak uztartzen dituen klub berezia, parte-hartzaileei joskintza eta ehungintza lantzeko aukera ematen diena, irakurketaz gozatzen duten bitartean.
  • Humanos y naturaleza: Explorando su relación desde la ciencia (Zientziari buruzko irakurketa kluba, gaztelaniaz): Giza jarduerek naturan duten eraginaz eta aurrerapen zientifikoek horiei ematen dizkieten erantzunez hausnartzeko gunea.
  • Zinergiak (Zinemaren inguruko irakurketa kluba, euskaraz): Zinemari eta zinemagileei buruzko irakurketa eta eztabaida.
  • Filosofia en diálogo (Eztabaida kluba, gaztelaniaz): Gai filosofiko nagusiak, hala nola adiskidetasuna, edertasuna eta artea, eztabaidatzeko espazioa.
  • Pedagogiaren harietatik (Irakurketa kluba, euskaraz): Pedagogia kritikoaren eta hezkuntza-praktikaren inguruko gogoeta.
  • Zientziaren ertzetik (Hitzaldi-solasaldiak, euskaraz): Gaurkotasuneko gai zientifikoak aztertzen dituen hitzaldi-zikloa, hainbat diziplinatako adituen parte-hartzearekin.
  • Emakume afrikarren literatura (Literatura ikastaroa, euskaraz): Afrikako emakumeen literaturan sakontzeko ikastaroa, klasikotik gaur egunera arte.
  • Lecturas conscientes (Irakurketa kluba, gaztelaniaz): Autoezagutzan oinarritutako hileroko irakurketa-kluba. Bertan, parte-hartzaileek kapitulu bakoitzak ematen dienaz hausnartzen dute eta esperientziak partekatzen dituzte, hausnarketa, sormena eta lotura sustatuz.

Bestalde, haurrei zuzendutako eskaintzak txikitatik irakurtzeko interesa piztu nahi du. Hona hemen ekintza nagusiak:

  • Azalerako ipuinak (Haurrak-familian egiteko tailerrak): Ipuinak, jolasak eta masajea uztartzen dituen tailerra, haur txikienen artean hitzik gabeko komunikazioa sustatzeko.
  • Liburuen poltsa: Familia osoarentzako irakurketa jarduerak, ipuin, abesti eta jolasekin.
  • Gaztetxoentzako Irakurketa Klubak: 9 eta 12 urte bitarteko haurrei egokitutako irakurketa, parte-hartzea sustatzeko dinamikekin.
  • Historian barrena: Iraganera bidaia interaktiboa, non 6 eta 12 urte bitarteko haurrek garai eta pertsonaia historiko ezberdinak ezagutuko dituzten.
  • PhiloLaborategia: 5 eta 12 urte bitarteko haurrei zuzendutako tailerra, filosofia modu ludikoan landuz pentsamendu kritikoa garatzeko.
  • Olgetan: Adin guztientzako mahai jokoen tailerra, jolasaren bidez elkarreragina eta gaitasun kognitiboak garatzeko.
  • LAB egunak: Adin guztientzako espazio inklusiboa, non parte-hartzaileek ideiak eta proiektuak elkarrekin sortuko dituzten.

Aurten gainera, irakurketa errazeko klub berriak abiaraziko dira, ulermenean zailtasunak dituztenentzako laguntza gisa. Horrez gain, Durangoko ikastetxeekin lankidetzan jarduera bereziak egingo dira, ikasleen artean irakurtzeko zaletasuna sustatzeko eta haien hezkuntza-prozesuan laguntzeko.

Ikastaroen ordutegiei eta bestelako informazioari buruzko xehetasun guztiak Durangoko Udalaren webgunean kontsulta daitezke.

Izena ematea eta parte hartzeko baldintzak

Jarduera guztietan izena emateko epea irailaren 20ra bitarte egongo da zabalik. Plazak mugatuak izango dira eta eskaera kopurua handiagoa bada, zozketa egingo da izena eman duten guztien artean. Izena ematean, parte-hartzaile bakoitzak aukeratutako tailerreko edo klubeko saio guztietara joateko konpromisoa hartzen du. Norbaitek ezin badu joan, aurrez jakinarazi beharko du bere tokia beste batek aprobetxa dezan. Bestela, bere lekua galduko du eta automatikoki itxaron-zerrendako hurrengoari esleituko zaio.

Jardueren ordutegiei, datari eta izena emateko prozesuari buruzko informazio guztia eskuragarri dago Durangoko Udalaren webgunean, edo jo zuzenean Bizenta Mogel Bibliotekara.