Mungiako Udalak 37.000 euro baino gehiagoko aurrekontua bideratuko du Andra Mariko zoladura birgaitzeko. Lan horien helburua inguruneko irisgarritasuna eta segurtasuna hobetzea da, gunea indarrean dauden araudietara egokituz. Aste honetan hasiko dira obrak.

Jarduketek gaur egungo zoladurak dituen arazoei erantzuten die. Izan ere, lurzoruko desnibelek estropezuak, erorketak eta mugikortasun arazoak eragiten dituzte, bereziki mugikortasun urriko pertsonentzat. Jarduketak espazioa hiri irisgarritasunaren arauetara egokitzea ahalbidetuko du.

"Proiektu honek pertsona guztientzako are irisgarriagoa eta seguruagoa den udalerri bat lortzeko gure konpromisoari erantzuten dio", adierazi du Alaitz Erkoreka Baraiazarra alkateak. "Andra Mari herritarrentzako erreferentziazko gunea da, eta jarduera honekin beste urrats bat ematen dugu haren balioa nabarmentzeko eta egungo eta etorkizuneko erabileretara egokitzeko", gaineratu du.

Hain zuzen ere, lehendik dagoen harri naturaleko zoladuraren ordez manta erako hormigoi akabatuzko zoladura jarraitua egingo da, segurtasun, iraunkortasun eta pitzadurak prebenitzeko berme tekniko guztiekin. Zeregin osagarriak ere egingo dira, hala nola kutxatilak egokitzea, kalitate-kontrola, seinaleztapena eta hondakinen kudeaketa.

Lanek 20 egun inguru iraungo dute, eta segurtasun-, osasun- eta irisgarritasun-protokolo guztiak betez egingo dira.

"Mungiako Udaletik herritarren laguntza eta ulermena eskertzen dugu lanok irauten duten bitartean. Hauek, espazio seguruago, irisgarriago eta funtzionalago batez gozatzeko aukera emango digute" baieztatu du alkateak.

Aipatzekoa da ostiraletan, hilaren 15ean eta 22an (lanak amaitu ez badira), baserritarren azoka tradizionala Bentades galerian egingo dela.

Andra Mari, espazio dinamikoa eta erabilera ugarikoa

Andra Mari espazio enblematikoa eta bizitzaz betea da, eta benetako topagune bihurtu da komunitatearentzat. Ondare-balioaz haratago, dinamismoagatik nabarmentzen da, kultura-jarduera, auzo-topaketa eta tokiko elkarteek bultzatutako proposamen ugari hartzen baititu. Ostiralero, baserritarren azoka tradizionalak produktu freskoz eta gertuko giroz betetzen du plaza, gure sustraiekiko lotura indartuz. Haren moldakortasunak eta erabilera etengabeak ezinbesteko leku bihurtzen dute Mungiako bizitza sozial eta kulturalerako.