Larrabetzuko aterpetxean ostatu hartzen ari diren 'Oporrak Bakean / Vacaciones en Paz' programako haur sahararrei ohiko harrera egin die Mungiako Udalak. Gaur bertan udal igerilekuetara gonbidatu ditu.
Elkarte solidarioek bultzatutako eta hainbat euskal erakundek lagundutako programa honi esker, adingabeek aukera dute basamortuko baldintza gogorretatik urrun oporraldiaz gozatzeko, behar izanez gero arreta medikoa jasotzeko eta bai beraientzat bai harrera-familientzat esperientzia aberasgarria bizitzeko.
"Mungiako Udalak biziki eskertu nahi du familia harreragileen eta erakunde laguntzaileen inplikazioa, giza eskubideekin, elkartasunarekin eta mundu bidezkoago bat eraikitzearekin duten konpromisoagatik" adierazi du Alaitz Erkoreka Baraiazarra alkateak. "Parte-hartze horrekin, Mungiak Saharako herriarekin duen konpromisoa berretsi du, baita harrerako, bizikidetzako eta nazioarteko lankidetzako balioak sustatzeko konpromisoa ere", gaineratu du.
Hogei urte baino gehiago dira lehen haur taldea Saharako kanpamenduetatik Euskadira uda pasatzera iritsi zela. Ordutik, "Oporrak bakean/Vacaciones en Paz" programaren koordinazioa aldatuz joan da, baina abian jartzeko arrazoiek indarrean jarraitzen dute, eta adingabe horien aldi baterako harrera inoiz baino beharrezkoagoa da. Izan ere, Oporrak Bakean programa uda guztietan gauzatu ahal izateko, modu guztiz altruistan, udalaren laguntzarekin, bere etxeetan haur horiek familiakoak balira bezala hartzen dituzten harrera-familiak beharrezkoak dira.
Programa honen bidez, besteak beste, helburu hauek lortu nahi dira:
- Umeak basamortuko baldintza gogorretatik aldentzea udako hilabeteetan.
- Umeon osasuna hobetzea, elikadura orekatua, egunean bost otordu, elikagai freskoak, barazkiak, fruta, proteinak... hartuta.
- Oinarrizko azterketa medikoak egitea eta kanpamenduetan detektatzen eta tratatzen zailak diran osasun-arazoak tratatzea.
- Saharako umeek kultura eta hizkuntza barri bat eta euren errealidade gogorra ez dan beste bat ezagutzea.
- Euskal gizartea sentsibilizatzea Saharako Herriaren egoeraren ganean.
- Saharako gizartearen eta euskal gizartearen arteko hurbilketa sustatzea eta bultzatzea.
Uda honetan Euskadin 200 haur saharar igarotzen ari dira guztira. Mungialdean, zehazki, 11 urteko bi haur ari dira udaz gozatzen eskualdean, bata Mungian eta bestea Maruri-Jataben.