Aurrera doa Iurretako Udala herritarren bizi-kalitatea hobetzeko planeatutako jarduerak egiten. Oraingo honetan, udalerriko bost bide publiko konpondu eta egokituko ditu. Horretarako, Udalak ia 50.000 euro bideratuko ditu (48.272,67 euroko aurrekontua, zehazki), eta espero da obrak bi hilabeteko epean amaituta egotea. Hobetuko den bide publiko horietako batean abiadura murrizteko sistema bat jarriko dute.

Egokitu nahi diren bideak baserrietara eta nekazaritza eta abeltzaintza intentsitate handiko landa-eremuetara iristeko bideak dira. Hauek Goiuria (Agirretxebarria), Arriandi (Telleriaetxebarria eta Telleria) eta beste bi San Andresen (Kukutzaetxebarria eta Kukutzazarra) daude. Gaur egun, bide horiek kontserbazio ​egoera txarrean daude, eta zaildu egiten dute alde batetik pertsonen zein ibilgailuen ohiko joan-etorria, eta bestetik nekazaritzako eta abeltzaintzako jarduerak normaltasunez garatzea, bai eta bidezidor homologatuen parte diren eremu horietan aisialdia egitea ere.

Bestalde, Arriandiko industrialdean dagoen bosgarren bide batean (Eubabaso)ibilgailu astun eta arinen joan-etorri trinkoa gertatzen da, eta batzuetan abiadura handian ibiltzen dira, bertatik igarotzen diren pertsonentzat arriskua sortuz. Hori dela eta, inguruan trafikoa berrantolatzeaz gain, abiadura-murriztaile bat jarriko da.

Beraz, konponketa-obrek zoruaren ertzak eta azalera garbitzea, fresatzea eta nahasketa bituminosoa beroan aplikatzea eta Arriandin abiadura-murriztaile bat instalatzea ahalbidetuko dute.