Abuztuaren 28tik 31ra San Joan Doloz jaiak ospatuko dira Bakion, eta aurtengo egitaraua ere betea bezain anitza izango da, jai batzordeak eginiko lanari esker. Jaiak herriko tradizioaren zein kulturaren parte dira, eta egun horiek oso bereziak izaten dira bakiotarrontzat. Ekitaldiekin eta jai giroarekin gozatzea da helburu nagusia eta, horrekin batera, herri nortasuna indartzea eta herritarren arteko sareak sendotzea ere bai.

Aurtengo egitarauari dagokionez, aldaketa esanguratsu bat dakar: abuztuaren 29ko egunak beste izaera bat hartuko du. Izan ere, azken urteetan egun horren bueltan indarkeria areagotu egin dela igarri dute antolatzaileek; eraso matxistak eta borrokak jazo izan dira, eta gertakari latz horiek jai giroa zapuztu egin dute.

Herritarren zaintza indartzea da antolatzaileen helburua, eta jaiak errespetuz ospatzeko deialdia egin nahi dute. Argi utzi nahi dute ez dutela inolako erasorik onartzen. Hori dela eta, San Joan Doloz gauean ez da Dj emankizunik egongo. 18:00etan egingo den umeentzako diskofestarekin amaituko da eguneko egitaraua.

Indarkeria matxistaren prebentziorako zerbitzuak

Herritarrak babesteko norabide beretik, aurreko urteetan bezala indarkeria matxistaren prebentziorako zerbitzuak eskainiko dira jaietan. Abuztuaren 28tik (20:00etan hasita) irailaren 1era (08:00ak arte) 24 orduko telefono arreta egongo da martxan, 656 78 86 21 zenbakian. Gauetan, 00:00etatik 08:00etara bitartean, arreta puntu bat egongo da Turismo Bulegoan (Txakolingunea eraikinean), eta bi egunetan informazio puntu bat ere bai: abuztuaren 28an Zubiaurren, 21:00etatik 00:00etara, eta abuztuaren 31n Urizarretan, 17:00etatik 20:00etara.

Surf taldearen txupinazoa

Jaiak abuztuaren 28an hasiko dira ofizialki, aurreko egunetan ere ekitaldiak egongo diren arren. Eguerdian sukalki txapelketan berotuko da jai giroa, eta 20:00etan kuadrilen igoerako kalejira egingo dute Bentako plazatik udaletxeraino. Han, 20:30ean jaurtiko dute hasierako txupina, Bakioko Surf Taldearen eskutik. Izan ere, aurten 30 urte bete ditu surflarien elkarteak, eta txupinazoaren bidez urte guzti horietako lanari omenaldia egin nahi zaio. 1995ean sortu zenetik hainbat herritar batu ditu, eta ekitaldi andana antolatu ere bai: esaterako, emakumeen surfa ikustarazteko Surfem jaialdia, jardunaldiak edota hondartza garbiketak.

Jaien barruan ekintza herrikoi ugari egongo dira, herritarrak elkartzeko aitzaki paregabe direnak. Mahaiaren bueltan elkarrekin gozatzeko aukera izango da, adibidez, abuztuaren 30ean, nagusientzako bazkarian (probalekuan) eta kuadrilen bazkarian (frontoian). Gainera, abuztuaren 31ko Eneperi egunean paella txapelketa egingo da Urizarretan.

Zea Mays eta askoz gehiago

Musika oso presente egongo da San Joan Dolozetan. Kalerik kale, plazarik plaza, txistulariekin, txarangekin, erromeriekin… egunero jai giroa sortuko da musikariei esker. Gauetako emanaldien artean, aipagarria da Zea mays taldeak abuztuaren 30ean Zubiaurrealden eskainiko duen kontzertua. Ia 30 urteko musika ibilbidearekin, egungo rock eszenako talde indartsuetako bat da, hasierako zaleen fideltasuna eta gaur egungo gazteen interesa uztartuz. Horren froga da Elektrizitatea abestiaren bertsio berria, emakume abeslarien sinergiaren emaitza, eta dagoeneko herri-ereserki bihurtua.

Udalak eta jai batzordeak gogoratu gura dute jaiak jende askoren lanari esker ateratzen direla aurrera, auzolanean zein arlo profesionalean. Horregatik, lan egitea tokatu zaien horiekin errespetuz jokatzea eskatu dute.

​“Badatoz jaiak eta ospatu ditzagun alaitasunez, ilusioz, errespetuz, besteekiko elkartasunez, ingurukoak eta herria zainduz. Bakio bizitza dela diogu, eta lema hori biderkatu dezagun jaietako une bakoitzean. Jarrai dezagun herria egiten”, adierazi dute antolatzaileek.