Urritik aurrera bideratuko ditu Galdakaoko Udalak 18 eta 35 urte bitarteko herritarrei alokairua ordaintzen laguntzeko dirulaguntzak. Neurri horrekin, herriko gazteei emantzipatzen laguntzea du helburu.
Alokairurako laguntza berriak datorren urritik aurrera eskatu ahal izango dira. Horien zenbatekoa 160 eta 400 euro bitartekoa izango da, bizikidetza unitatearen arabera eta bakoitzaren baldintza sozial zein ekonomikoen arabera (IPREM gisa ezagutzen den Ondorio Anitzeko Errenten Adierazle Publikoa kontuan hartuta).
Laguntzak Galdakaon erroldatuta dauden eta alokairuko etxebizitza libre batean bizi diren gazteentzat dira. Hiru onuradun mota daude: banakakoak, alokairuaren titularkideak (etxebizitza partekatzen dutenak, baina bizikidetza unitatea osatzen ez dutenak) eta bikote batek osatutako bizikidetza unitatea (ezkonduta edo antzeko harreman iraunkorrean), ardurapean adingabeak izan zein ez.
Laguntzak honako irizpide hauetan oinarrituko dira: diru sarrerak, etxebizitza premia bereziko egoera (genero indarkeriaren biktimak, familia ugariak edo guraso bakarrekoak, eta desgaitasuna edo gaixotasun mentala duten pertsonak dituzten unitateak), eta etxebizitza eskatzaileen erregistroko inskripzioaren antzinatasuna.
Atzeraeragina
Laguntza horiek 2025. urteari dagokion alokairua ordaintzeko dira. Beraz, komenigarria da interesdunek eta baldintzak betetzen dituztenek aurtengo urtarriletik aurrerako alokairuen fakturak edo ordainagiriak gordeta izatea. Horiek eta alokairu kontratua beharrezkoak izango dira diruz lagundu daitekeen aldian egindako ordainketak egiaztatzeko.
Dirulaguntza eskatzeko baldintzak honako hauek dira:
- 18 eta 35 urte bitarteko adina izatea, biak barne
- Galdakaon erroldatuta egotea, dirulaguntzaren xede den etxebizitzan
- Inolako etxebizitzarik jabetzan ez izatea, ez eskatzaile indibidualak, ez bizikidetza unitateko ezein kidek
- Bizikidetza unitateko ezein kidek ezingo du bigarren mailarainoko familia loturarik izan errentatzailearekin edo haren bizikidetza unitateko edozein kiderekin
- Alokairu kontratuaren titularra izatea, banaka edo errentakide gisa. Kontratua etxebizitza libre batena izan behar da, gutxienez 12 hilabeteko iraupenarekin, eta unitate eskatzailearen ohiko bizileku iraunkorra
- Errenta banku transferentzia bidez edo banku agiri batean jasotako beste eragiketa baten bidez ordaindu behar da
- 10.000 euro gordinetik gorako urteko diru sarrera egiaztatzea; banakako eskatzaileen kasuan ezin dira 30.000 eurotik gorakoak izan, ezta 45.000 eurotik gorakoak ere bi kide edo gehiagoko bizikidetza unitateetan