Síguenos en redes sociales:

Uribarri egoitza zaharreko estalkia berritzeko lanak lizitaziora atera ditu Durangok

Udalak 242.952,63 euroko aurrekontua bideratuko du, BEZik gabe

Uribarri egoitza zaharreko estalkia berritzeko lanak lizitaziora atera ditu DurangokD. U.

Durangoko Udalak 242.952,63 euroko aurrekontua bideratuko du, BEZik gabe, Uribarri egoitza zaharraren estalkia iragazgaizteko. Aste honetan abiarazi egin du lan horien lizitazio-prozesua. Eraikina San Agustinalde kaleko 8. zenbakian kokatuta dago.

Esku-hartze hau udalaren estrategia orokorraren parte da, eraikitako ondarea kontserbatu eta balioan jartzeko helburuarekin, eta, aldi berean, azpiegitura publikoen segurtasuna eta iraunkortasuna bermatzeko.

1845ean eraikitako eraikin adierazgarri honek narriadura handia jasan du azken urteetan, estalkitik etengabe sartzen den euri-urak egiturari kalte larriak eragin dizkiolako.

Balio kulturalagatik hirigintza mailan babestuta dagoen higiezinak elementu arkitektoniko nabarmenak ditu, eta bere diseinuak inguruko ondare-testuingurua nabarmentzen du. Hala ere, 2008an itxi zenetik eta 2020an egindako egiturazko apuntalaketaz gain, estalkiari irtenbide integralik ez emateak eraikinaren egoera nabarmen larriagotu du.

Proiektu teknikoak jarduketa integral bat aurreikusten du estalkian: lehenik, dentsitate handiko poliuretanozko apar zurruna aplikatuko da hutsuneak berdintzeko eta estaltzeko, eta, ondoren, poliureaz egindako mintz iragazgaitz bat. Lan nagusi horiek osatzeko, Sanagustinalde kalera begira dagoen hegala berrikusi eta, beharrezkoa izanez gero, konponduko da; erdiko patioa garbituko da, eta sustrai-hazkuntza saihesteko, xafla geotexil bat jarriko da.

Neurri hauen bidez euri-uraren sarrera etetea bilatzen da, eta, horrekin batera, eraikinak gehiago hondatzeko arriskua saihestea, etorkizuna bermatzeko. Horrez gain, Sanagustinaldeko teilatu-hegala aztertuko da, eta horri esker, gaur egun bertan dagoen aldamioa kentzeko aukera egongo da.

Esan bezala, lizitazioaren oinarrizko aurrekontua 242.952,63 eurokoa da (BEZik gabe), eta kopuru horrek obraren kostu osoa barne hartzen du. Obren iraupena hiru hilabetekoa izango da, zuinketa-akta sinatzen den egunaren biharamunetik kontatzen hasita.

Lanen esleipenean parte hartu nahi duten enpresek 2025eko abuztuaren 20ko 15:00ak bitarte aurkez ditzakete eskaintzak, kontratazio publikoaren plataformaren bidez.