Indarkeria matxistaren biktima diren emakumeei hasiera-hasieratik laguntza profesionala emango dien Ate Morea izeneko zerbitzu publiko berria jarri du martxan Bizkaiko Foru Aldundiak.

Enplegua, Gizarte Kohesioa eta Berdintasuna Sustatzeko Sailak sustatutako baliabide honen helburua da biktima arreta-sistema publikoarekin harremanetan jartzen den lehen unetik jardutea, eta zerbitzu espezializatuetarako sarbidea erraztea eta laguntza integrala eskaintzea ikuspegi feminista eta intersekzionala oinarritzat hartuta.

Ate Moreak zuzeneko arreta eskaintzen die 14 urtetik gorako emakumeei, eta ez da beharrezkoa aldez aurreko izapiderik, salaketarik edo erroldatzerik egitea edo administrazio-egoera erregularizatzea. Zerbitzua norberaren ekimenez edo sistema publikoetatik (Osakidetza, Ertzaintza, Justizia, Hezkuntza, biktimentzako telefono bidezko arreta edo hasierako beste arreta-zerbitzu batzuek) bideratuta erabil daiteke.

Zerbitzu hau Bizkaiko Batzar Nagusietako batzordean egindako agerraldian aurkeztu zen, eta Teresa Laespada Enplegua, Gizarte Kohesioa eta Berdintasuna Sustatzeko foru-diputatuak nabarmendu zuen ezinbestekoa dela ezaugarri horiek dituen baliabide bat izatea esku-hartzearen lehen faseetatik. Esan zuenez, Ate Morea hasieratik laguntza profesionala ematen duen zerbitzua da, lehen unetik bertatik esku-hartze publikoaren erantzuna integralagoa, koordinatuagoa eta biktimen beharrekiko sentikorragoa izateko beharra dagoelako eratu da.

Aldi berean, hau erantsi zuen: Ate Morea funtsezko pieza bat da. Baliabideen sistema konplexuan ibiltzea errazten duen kontaktu profesionalaren lehen unea da. Ikuspegi profesionala duenez, arreta kualifikatua bermatuko du errekuperazio-prozesuaren etapa kritiko batean.

Berriro biktimizatzea saihestea

Ate Morea hasierako engranaje baten modukoa da, dauden zerbitzuak osatzen dituena, ordeztu gabe, eta tresna eraginkorra da bigarren mailako biktimizazioa saihesteko, baliabideak eskuratzeko oztopoak murrizteko eta emakumeen jarduteko gaitasuna indartzeko. Laespadak azaldu zuenez, biktimak zerbitzu espezializatuetara ahalik eta egoera onenean iritsiko direla ziurtatuko duen hasierako engranajea da, eta, hala, zerbitzuotara iristen direnean, lehen arreta eta laguntza jasota iritsiko dira. Esan zuenez, Ate Moreari esker, esku-hartzearen lehen lerroa indartuko da, eta ziurtatuko da emakume bakar bat ere ez dela bakarrik sentituko indarkeria matxista gainditzeko bide zailean. Horrez gain, bermatu egingo du guztiek eskuratuko dituztela behar dituzten baliabide eta prestazio espezializatuak ahalik eta baldintza onenetan.

EDE Suspergintzak kudeatzen duen zerbitzuak Bilbon du oinarri operatiboa, baina Bizkaia osoan jarduteko gaitasuna du. Esku-hartze sozialean, psikologikoan eta juridikoan espezializatutako sei profesionalez osatutako diziplina anitzeko talde batek ematen du arreta; prestakuntza espezifikoa dute indarkeria matxistari, giza eskubideei, generoari, krisiei eta kulturarteko ikuspegiari buruz. Esku-hartzeak euskaraz, gaztelaniaz eta beste hizkuntza batzuetan egin daitezke, interpretazio- eta itzulpen-sistema profesional bati esker; zeinu-hizkuntza ere erabil daiteke.

Ate Moreak egoera bakoitzaren arabera egokitu daitezkeen lau fasetan egituratzen du esku-hartzea: lehen harrera, entzute aktiboan oinarrituta eta judiziorik gabe; kasuaren aurretiazko balorazioa, arriskuak eta premiak identifikatzeko; laguntza emozionala, soziala eta juridikoa emateko fasea -baita aurrez aurreko gestioetan ere-, eta amaierako etapa, jarraipena egiteko eta prozesuari amaiera emateko, zeinean emakumearen ongizatea eta autonomia lehenesten baitira.

Baliabide berri hori Indarkeria matxistaren biktimei ematen zaien arreta hobetzeko erakundeen arteko III. Akordioaren barruan dago, eta beste baliabide publiko batzuekin koordinatuta jarduten du, hala nola SATEVI, GLFZ, BLZ eta Esnaturekin, bai eta hirugarren sektoreko erakundeekin ere. Bereziki garrantzitsua izango da sartzeko oztopo ugari dituzten emakumeentzat: administrazio-egoera irregularra, hizkuntza-zailtasunak, erroldatze-arazoak edo patologien ondoriozko premiak, zeinek gizarte-zerbitzu arruntetatik arreta espezializatua ematea zailtzen baitute.

Kontaktua eta arreta

Zerbitzua Bilboko Manuel Allende kaleko 10. zenbakian dago eskuragarri; ordutegi jarraitua du: astelehenetik ostegunera, 9:00etatik 18:00etara, eta ostiraletan, 8:00etatik 15:00etara. Herritarrek bitarteko hauek erabili ahal dituzte harremanetan jartzeko: 688 881 353 telefono-zenbakia, atemorea@bizkaia.eus helbide elektronikoa edo web-orrian (oraindik garapen-fasean dago).

Baliabide berri horrekin, Bizkaiko Foru Aldundiak beste urrats bat eman du lurraldeko emakume guztientzat indarkeriarik gabeko bizitza lortzeko konpromisoan. Ate Morea ate irekia, segurua eta profesionala izateko sortu da, bermatzeko emakume bakar bat ere ez dela bakarrik sentituko une zailenetan.

Ate Moreak proiektu pilotu gisa ekin dio bere ibilbideari; hasiera batean, urte eta erdiko iraupena izango du, 2026ko abendura arte. Programaren barruan, hiru hilean behingo ebaluazioak egingo dira, inpaktua, eraginkortasuna, irisgarritasuna eta erakundeen arteko koordinaziorako gaitasuna neurtzeko. Bizkaiko Foru Aldundiak finantzatzen du osorik urteko 350.000 euroko aurrekontua.