3.231 herritarrek hartu dute parte Mugikortasun Segurua Programaren amaitu berri den 2024-2025 ikasturtean. Partehartzaila horietatik 2.886 Durangoko ikastetxeetako ikasleak izan dira: 1.859 Lehen Hezkuntzakoak eta 1.027 Bigarren Hezkuntzakoak. Durangoko Udalak STOP Indarkeria Bideko elkartearekin elkarlanean antolatzen du ekimen hau.

Herrian dagoeneko sendotuta dagoen ekimen honek seguruagoa, errespetutsuagoa eta kontzienteagoa den mugikortasunaren alde egiten jarraitzen du, hezkuntza-komunitatea zein herritar oro inplikatuz.

Horrez gain, programak helduentzako gizarte-ekimenak ere jaso ditu, eta 345 pertsona heldu inguratu dira horietara. Burututako ekintzen artean, umeentzako segurtasun-sistemak jasotzen dituen informazio-gida bat sortu da, haurdun dauden eta etorkizuneko gurasoentzako bereziki pentsatua. Halaber, Udalaren webgunean zabaltzeko eduki informatiboak prestatu dira, baita bizikidetza bide-segurtasunean hobetzeko sentsibilizazio-kanpaina bat ere.

Udalak eta STOP Indarkeria Bideko Elkarteak azpimarratu dute bide-hezkuntza prebentziorako eta gizarte-eraldaketarako tresna eraginkorra dela. Elkarteak berak adierazi bezala: “Bide-hezkuntzan inbertitzea da gaur egungo eta etorkizuneko belaunaldietan kontzientzia, errespetua eta erantzukizuna ereitea.”

Beste behin, Durangok konpromiso sendoa erakutsi du mugikortasun seguruarekin, ikastetxeen, familien eta herritarren inplikazio aktiboarekin. Udalak eskerrak eman nahi dizkie parte hartu duten pertsona eta eragile guztiei, eta guztiontzat herri seguruago eta errespetutsuagoa eraikitzen jarraitzera bultzatzen du.