Síguenos en redes sociales:

Asteartean irekiko dira Auzo Taxia erabiltzeko eskaerak

Kanpoaldeko auzoetan bizi diren eta 65 urtetik gora edo mugitzeko arazoak dituzten pertsonei zuzenduta dago zerbitzua.

Asteartean irekiko dira Auzo Taxia erabiltzeko eskaerakG. U.

Oso gutxi falta da galdakoztarrek Auzo Taxi zerbitzu berria erabili ahal izateko. Erabiltzaileek astearte honetan bertan, uztailaren 29an, egin ahal izango dute eskaera, eta Galdakaoko Udalak baldintzak betetzen dituzten egiaztatu ondoren, bonu pertsonala erosi eta zerbitzua erabiltzen hasi ahalko dute.

Proiektuak herriaren erdigunetik urrun dauden guneetako mila herritar ingururi mesede egin liezaiekeela aurreikusten da. Egitasmo berriari esker, herritar horiek errazago izango dute Galdakao erdigunearekin konektatuta egotea eta bertan dauden zerbitzu nagusietara hurbiltzea

Zehazki, 65 urtetik gorako pertsonak, % 33ko edo gehiagoko desgaitasun maila aitortuta dutenek eta mugikortasuna aldi baterako murriztuta dutenak (egoera horrek irauten duen bitartean) dira Auzo Taxia erabil dezaketenak, beti ere erdigunetik urrun geratzen diren eta baldintzetan zehaztuta dauden 20 auzoetan bizi badira. Bonuak Herritarrentzako Arreta Zerbitzuan (ESAN) edo Galdakaoko Udalaren Egoitza Elektronikoan eskatu ahal izango dituzte. Eskaera onartua izanez gero, bonu fisikoak ESAN bulegoan jaso ahal izango dira.

Behin txartelak eskuratuta, onartuek zerbitzua erabiltzen hasteko aukera izango dute. Hori etengabekoa izango da eta, erabilgarritasuna ziurtatzeko, erabili nahi den egunaren bezperako 19:00ak baino lehen hitzartu beharko da zerbitzua. Aurrerapenik gabe ere eskatu ahal izango da, baina kasu horretan prestazioa taxilariaren erabilgarritasunaren menpe geratuko da.

Etengabeko deialdia

Eskabidearekin batera, honako ziurtagiriak aurkeztu beharko dituzte interesdunek: NANaeskaeraren inprimakia behar bezala beteta, zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituztela adierazten duen erantzukizunpeko adierazpena eta mugikortasunaren aldi baterako murrizketa egiaztatzen duen ziurtagiri medikoa.

Erabiltzaile diren pertsonek 10 ibilbideko bonuak erosi ahal izango dituzte hilero, 20 euroren truke. Bonu horiek erabilera pertsonalekoak eta besterenezinak izango dira (erabiltzaileak beste pertsona batzuekin joan ahalko du taxian), eta erabiltzaile bakoitzak hilean gehienez 10 bidaiko bonu bat erosi ahal izango du. Hau da, urtean 120 ibilbide. Taxian egindako bidaia horietako bakoitzak, batez beste, 15 euroko prezioa duela kalkulatzen da, Udalak horietatik 13 euro ordainduko du, eta beraz, erabiltzaileak 2 euro ordainduko du egiten duen bidaia bakoitzeko.

Deialdia etengabekoa da eta eskaerak edozein unetan aurkeztu ahalko dira urte osoan zehar. Horiek aurkezpen ordenaren arabera ebatziko dira, harik eta aurten proiekturako bideratu den 25.000 euroko aurrekontua agortu arte.

Auzo Taxiak honako auzoetako herritarrei emango die zerbitzua: Agirre, Aperribai, Artola, Altamira, Azkarri, Azpuru, Bekea, Elexalde, Erletxe, Goikoetxe, Gumuzio, Jugu, Troka, Kortederra, Olabarri, Olabarrieta, Padrola, Txistulanda, Upo mendi eta Usargoiti.