Azkenaldian, 3 serotipoaren kasuak detektatu egin dira Kantabrian eta Iparraldean, eta Bizkaiko Foru Aldundiak neurriak hartu nahi izan ditu serotipo hori lurraldean sartzea eta hedatzea prebenitzeko. Hori dela eta, Aldundiak indartu egin du lurraldeko abeltzaintzaren sektoreari mihi urdinaren aurkarko txertaketa areagotzeko deia. Dagoeneko alerta-mezu bat bidali zaie sektoreko eragileei, sindikatuak, kudeaketa-zentroak eta elkarteak barne.

Mihi urdina gaixotasun biriko bat da, hausnarkariei, hala nola ardiei eta behiei eragiten diena, eta Culicoides generoko eltxoek transmititzen dute. Egoera berri horren aurrean, eta kontuan hartuta 3 serotipoa dela gaur egun problematikoena —behietan sintoma klinikoak eragiten ditu, eta ardien heriotza-tasa % 15era artekoa da—, Bizkaiko Foru Aldundia apiriletik ari da prebentziozko txertaketa indartzen, sektorea babesteko funtsezko tresna gisa.

2024-2025 kanpaina hasi zenetik, dagoeneko 45.121 ardiri jarri zaie txertoa Bizkaian (S3, S4 eta S8 serotipoetakoa), 2.488 ustiategitan, eta 32.772 behiri 2.047 ustiategitan. Txertaketa erabat doakoa da eta Aldundiak finantzatua. Guztira, Aldundiak 1.500.000 euroko inbertsioa egingo du animalien osasunaren arloan. 

Txertaketa ustiategi bakoitzeko albaitariak egin dezake, edo bestela, urteko saneamendu-kanpainaren barruan egin daiteke. Bizkaiko Foru Aldundiak dosien eta txertaketaren kostu guztiak (% 100) hartzen ditu bere gain, eta, horrela, lurraldeko animalia-osasuna eta lehen sektorearen segurtasunarekin duen konpromisoa sendotzen du.