Síguenos en redes sociales:

Herritarren arreta hobetzeko udal zerbitzu batzuk berrantolatuko ditu Ugaok

Jarduerek ia 97.000 euroko udal inbertsioa suposatuko dute eta Udalak 25.991 euroko dirulaguntza jasoko du Bizkaiko Foru Aldunditik

Ugao-Miraballesko Udalak ia 97.000 euroko inbertsioa egingo du hainbat udal zerbitzu publiko berrantolatzeko, eta Bizkaiko Foru Aldunditik 25.991 euroko dirulaguntza jasoko du. Esku-hartze hori gobernu-taldeak komunikazio instituzionala hobetzeko eta kudea daitezkeen izapideen kopurua handitzeko duen konpromisoari erantzuten dio, herritarrekiko harreman arinagoa eta hurbilagoa erraztuz.

Zehazki, proiektuaren barruan slauen dira Udalaren beheko solairua Herritarrentzako Arreta Zerbitzuaren (HAZ) bulego berri gisa gaitzea, Bake Epaitegia eraikin bereko bigarren solairura aldatzea eta Udal Artxiboa Euskaldunberrien Enparantzan dagoen lokal batean birkokatzea. "Ugaotar bakoitzak Udala gertuago duela sentitzea nahi dugu, bere kudeaketak errazago egin ditzakeela bermatzea eta bere beharretarako espazio irisgarri eta pentsatua duela ikustea.Berrantolaketa hau ez da bakarrik obra bat, administrazio gizatiarrago eta guztiontzat baliagarriago bat lortzeko beste urrats bat da", azpimarratu du Ekaitz Mentxaka alkateak.

Jarduketa hauek udal-espazioen erabilera optimizatzera eta zerbitzuen irisgarritasuna hobetzera bideratuta daude.

Herritarrei Arreta Emateko zerbitzu bateratua (HAZ) ezartzeko bidean aurrera egiteko aukera eskainiko dute, informazio eta erregistro zerbitzuak, espedienteak zuzentzeko aukera eta zenbait izapide (ziurtagiriak, etab.) zuzenean emateko zerbitzuak eskainiz. Kontratuaren lizitazio-aurrekontua ia 97.000 eurokoa da (BEZa barne), eta horietatik 25.991 euro Bizkaiko Foru Aldundiak emandako dirulaguntza baten bidez finantzatuko dira.

Behin lanak esleituta, obrek lau hilabeteko iraupena izango dute, gutxi gorabehera, eta erabilitako materialetan ingurumen-iraunkortasuneko irizpideak aplikatuta gauzatuko dira. Ekimen hau Udalaren Urteko Kontratazio Planean eta Tokiko Berrikuntza Agendan sartuta dago. Agenda horrek administrazio-eredu modernoagoa, digitalagoa eta pertsonen zerbitzura dagoena sustatzen du.​​