Aperribai auzoan eraikitzen ari diren igogailu publikoaren lanak pixka bat atzeratuko dira, indusketa lanetan zehar ezusteko bat sortu ostean. Antza, langileek haitz bat aurkitu dute lurpean, eta hori dela eta Aperribai kaleko errepideko errei bat aldi baterako itxi behar izan dute.
Izan ere, oztopo hori txikitzeko eta kentzeko prozesuak makineria berezia eta denbora gehiago beharko du. Ondorioz, obraren hasierako plana aldi baterako aldatu da, baina oraingoz ezinezkoa da zehaztea zenbat iraungo duten lan horiek. Hortaz, gaurtik aurrera eta datozen asteetan, semaforoen bidez arautuko da errepide horretako autoen zirkulazioa. Ez da bestelako desbideratzerik egin behar izango, eta gidarien zein profesionalen segurtasuna bermatuta egongo da.
Udalak bizilagunei eta gidariei pazientzia eskertu nahi izan die, eta obra behar bezala egiteko beharrezko jarduera dela gogorarazi du. Langileak saiatzen ari dira eragozpenak ahalik eta gutxien izan daitezen.
Zuhatzuko oinezko pasabidea, itxita
Bestalde, Galdakaoko Udalak datorren astelehenean, uztailak 21, hasiko ditu Zuhatzuko oinezko pasabidea konpontzeko lanak, denborale batek eragin zizkion kalteak konpontzeko. Zubia oinezkoentzat itxita egongo da irailaren 22ra arte, obra konplexua baita, ibaiaren gainean egonda.
Hain zuzen, korronte gogor batek egituraren beheko euskarriaren zati bat arrastatu zuen, pasabidea arriskuan jarriz. Horregatik, herritarren segurtasuna bermatzeko helburuarekin, Udalak plataforma konpontzea eta indartzea erabaki du. Gainera, zubia txukun mantentzeko margoketa eta mantentze lanak egiteko aprobetxatuko da.
Horretarako, aldamioak jarri beharko dira; eskuhartze konplexua da, bai ingurunera iristeko zailtasunagatik, bai bete beharreko segurtasun eta ingurumenaren babes neurri zorrotzengatik, pasabidea ur ibilgu baten gainean baitago. Hori dela eta, lanak bi hilabete inguruz luzatzea aurreikusten da.
Zuhatzuko pasabidea N-634 errepidetik Santa Barbara futbol zelaiaren atzealderaino doa. Lanek irauten duten bitartean, oinezkoek Txomin Egileor kaletik egin ahal izango dute ibilbide hori, Plazakoetxeko biribilgunetik abiatuta.