Astearte eta asteazken honetan, uztailaren 15ean eta 16an konkretuki, Mexikoko kulturaren zati batez gozatu ahal izango da Galdakaoko Kurtzeko plazan, 20:30etik aurrera. Bertan, Andra Mari Dantza Taldeak antolatutako Folklore Bizian jaialdiaren edizio berri bat ospatuko da.
Bi egunetan zehar, Mexikotik etorritako Fiestas de México talde folklorikoak euren dantzak, jantzi tipikoak, ondarea eta ohiturak erakutsiko dituzte, plaza kolorez, erritmoz eta alaitasunez betez. Hego Amerikako herrialdea ordezkatuko duen konpainiak 15 urtetan zehar Mexikoko folklorea 50 jaialdi nazional eta internazional garrantzitsuen bidez zabaldu du.
Bestalde, Takijistanetik Gaffar Valamzade dantza talde nazionala ere Galdakaora etortzekoa zen, baina azken orduko arazo diplomatikoak direla eta ezin izan dute bisa lortu. Taldea 2001ean sortu zen, Sobietar Batasuna erori, independentzia lortu eta hamar urtera. Beraz, taldea mendearen hasieratik dabil bere herriaren tradizioak munduari aurkezten: mila urte baino gehiagoz islamiar kulturaren zaindari nagusia izan da Mendebaldearen eta Ekialdearen artean dagoen eskualde oraindik ezezagun honetan. Azken orduko arazo hori dela eta ezin izan da Galdakaora etorri Tajikistaneko taldea.
Jaialdia gaur aurkeztu da eta bertan izan dira Iñigo Hernando, Galdakaoko alkatea; Edurne Espilla, Kultura zinegotzia; Unai Zabala, Andra Mari Dantza Taldeko lehendakaria, eta jaialdian parte hartuko duten Mexikoko dantzariak.
Alkateak eta zinegotziak Mexikoko ordezkariei harrera egin diete udaletxearen atarian. Bertan laburki hitz egin dute: alkateak ongietorria eman dio taldeari eta "esperientziaz gozatzea eta Galdakaori eta Euskal Herriari buruzko gauza berriak ikastea" opa dio. Jaialdiari dagokionez, "urtero bezala, lagun taldeak, familiak eta haurrak elkartuko ditu, beraz oso polita izango da”, esan du. Zentzu horretan, eskerrak eman dizkio Andra Mari Dantza Taldeari "musikaz gain beste gauza askoren zabalkundean egindako lanagatik: kultura ezberdinak, jendea beste herri batzuetan nola bizi den, nola erlazionatzen den...", eta "ekimenak pertsona horiek gure kultura ezagutzeko eta Euskal Herria mapan kokatzeko ere balio izatea" espero du.
Eta bisita emankorra izango den itxura hartu du lehen hartu emanak. Alkateak mexikarrei euren abizena galdetzean, sorpresa hartu dute guztiek: Orozko du bigarren abizentzat Mexikoko taldearen ordezkari batek. Orozko Bizkaiko herri bat dela jakinaraztean, harriduraz hartu du informazioa, eta bere jatorriari buruz ikertzeko gogoa piztu dio horrek. Horixe izan da goizeko anekdota.
Herriarentzako opari bat
Espillak, bestalde, udan Galdakaon horrelako jaialdi bat egotearen garrantzia azpimarratu du: "Andra Mariri esker beste herrialde eta kultura batzuk ezagutzeko aukera ematen baitigu jaialdi honek, eta hori opari bat da herriarentzat". Kasu honetan, Mexikori buruz ezagunenak diren aspektuei buruz, "kultura mexikarra, instrumentuak, gastronomia, musika eta abar Euskal Herrian gustukoak dira oro har", adierazi du. Gainera, "hemen ere arrakasta handiko mariatxi talde ugari daude, eta ziur aski egun hauetan ikusiko da bi kulturak batzen dituzten gauza gehiago daudela", bukatu du.
Bestalde, Zabalak azaldu duenez, taldeak "aste oso bat emango du Euskal Herrian; oso aste polita izango da”. "Pena izan da talde asiarra ez egotea", aitortu du, baina "etorri den taldeak errepertorio oso zabala du, bere kabuz jaialdi baterako ematen duena". Era berean, Udalaren laguntza eskertu du, "jaialdi hau egitea ezinezkoa litzatekelako haren laguntza gabe". Azkenik, dantzari mexikarrek erabiltzen dituzten jantzi motak eta horiek ordezkatzen dutena azaldu dute, eta "Mexikoko kultura eta tradizioak hemen partekatzea ohorea" dela onartu dute.