Punta Begoñako Galeriak izan da Ertibil Bizkaia ikusizko arteen erakusketa ibiltariaren edizio berriari hasiera emateko aukeratutako lekua. Astearte honetan egin da aurkezpena, uztailaren 15ean, eta bertan parte hartu dute Euskara, Kultura eta Kirol Saileko foru diputatu Leixuri Arrizabalagak, Getxoko alkate Amaia Agirrek eta edizio honetan parte hartu duten artistek.
Bizkaiko Foru Aldundiak antolatzen du lehiaketa hau, eta bere ibilbidearen lehen etapan, Bizkaiko Lurralde Historikoan sormen-proiektuak egiten dituzten artista bisual emergenteen sormen-ekimenei laguntzea du helburu. Hala, lanak erakusteko, artista gazteekin konektatzeko eta ibilbide profesionala garatzeko urratsak egiteko aukera eskaintzen die.
Leixuri Arrizabalagak aurkezpenean azpimarratu duenez, "Artea lurralde bat ulertzeko eta unean uneko kezkak, ametsak eta ikusmoldeak adierazteko modu bat da. Horregatik da hain garrantzitsua gazte talentudunen adierazpen askatasunerako ERTIBILen gisako espazioak sortzea; izan ere, ekimen honek 40 urtetik gorako tartean lortu du artearen bidez ateak irekitzea, bideak argitzea eta komunitatea indartzea".
Amaia Aguirre Getxoko alkateak azpimarratu duenez, "harro egoteko modukoa da Ertibil Bizkaiak bere ibilbidea Punta Begoñan berriz hastea, eraldatzen ari den eta Getxon erreferente kultural gisa sendotzen ari den gune batean. Konpromiso sendoa dugu sortzen ari den talentuari ateak irekitzeko eta sorkuntzarako, topaketarako eta erakusketarako espazioak eskaintzeko. Zalantzarik gabe, Ertibil Bizkaia bezalako ekimenek Getxoko bizitza kulturala indartzen dute eta pertsona gehiagok Punta Begoñaren balio artistiko, historiko eta soziala deskubritzen laguntzen dute".
Artelanek (olio-pintura, akrilikoa, pastela, bideoa, eskultura eta argazkigintza barne) ezin egokiago islatzen dute parte-hartzaileen sormena eta adierazpen pertsonala.
Hiru artista sarituak Amaya Suberviola, Gabriele Muguruza eta Izaskun Aralucea dira, eta Ertibil Bizkaia 2025erako hautatuak, berriz, Leire Aranberri, Leyre Arraiza, Iratxe Barcina, Adrián Castañeda, Mariem Iman, Maider Gonzalo, Pablo Gubbins, Jorge Isla, Antton Goikoetxea, Idoia Leache, Ainhoa Lekerika, Angela Rodriguez, Beñat Krolem, Elisa Villota eta Judith Voet.
Ertibil Bizkaia ekimeneko epaimahaia honako hauek osatu dute: Leonardo Burge Badiolak, Ertibil Bizkaia 2024 lehiaketako artista irabazleak; Andrea Estankona Loroñok, EHUko Arte Ederretako irakasleak; Sahatsa Jauregi Azkaratek, artistak; eta Helena López Camachok, Uribitarteko (BilbaoArte) arduradunak eta erakusketaren harira argitaratutako katalogoko testuen egileak.
Erakusketa Bizkaian barrena
Punta Begoñako erakusketa Bizkaiko hainbat udal erakusketa aretotan egingo den ibilaldi baten hasiera baino ez da. Bertan, lan hauek publikoa liluratzen jarraituko dute euren aniztasun eta sormenarekin.
Ertibil Bizkaia 2025 Punta Begoña Galerietan izango da abuztuaren 31ra arte. Irailaren 1etik urriaren 13ra Derioko Kultur Birikan izango da. Ertibil 2025 ekimenak Basauriko Ariz Dorretxean jarraituko du azaroaren 4tik 30era. Azkenik, Arrigorriagako Euskaldun Berria erakusketa aretoan izango da erakusketa, abenduaren 1etik 30era.
Egonaldiak Japonian
Ertibil Bizkaia erakusketaren osagarri, saritutako artistei egonaldi artistikoak eskainiko zaizkie Japonian.
Hala, Leo Burge, M. Benito Píriz eta Lucía Jayo Altamirano 2024ko edizioko artista irabazleek Koganechon (Yokohama), Joshibi Universityn (Sagamihara) eta Paradise Air-en (Matsudo) egin zituzten artistentzako egonaldiak.
Lehen saria: Amaya Suberviola ‘ST24019 (Teklatuaren metodo laburtuak)’
Artistak irudikapen figuratiboari desafio egiten dio formaren, kolorearen, ehunduraren edo argiaren erabileraren zatiketa eta gainjartzea direla medio. Horrela, gizarte garaikidean eta aro digitalean irudiak eraikitzeari buruz hausnartzen du, baita horien euskarriei eragiten dieten arauei buruz eta edukiontzi horiek emaitzazko irudian eragiten dituzten aldaketei buruz ere.
Bigarren saria: Gabriele Muguruza 'Alkarren atzetik jolaska dabiltza tximistazko suge'
Diziplina anitzeko artista da, eta bere lanaren ezaugarri nagusia lengoaia abstraktua erabiltzean datza, marrazkia eta hiru dimentsioak ardatz garrantzitsuak izanik bere jardunean. 'Alkarren atzetik jolaska sabiltza tximistako suge’ (2025) lanak marrazkia, geometria eta irudien sorrera ditu ardatz nagusi.
Hirugarren saria: Izaskun Aralucea ‘Peppa’
Artistak artelanaren corpusa garatzen du, marrazkian oinarrituz. Koloretako arkatzez egindako konposizioak, non argiak, mugimenduak eta trazuak garrantzi berezia hartzen duten. Marrazteko prozesu edo ekintzaz interesatuta, Araluceak bere marrazkiei forma eta lekua emateko teknika garatu du. Formatu txikietan hasi eta tamaina esanguratsuagoetara hedatzen jarraitzen du, bere lengoaia propioa eta irudiak konposatzeko era albait urrunenera eramateko asmoz.