Durangoko Udalak 53.010 euroko aurrekontua bideratuko du, BEZik gabe, Astarloa eraikineko adinekoen zentroan dagoen igogailua ordezkatzeko. Lanak aste honetan hasi dira, eta espero da bi hilabeteko epean amaitzea.
Jarduketa honen helburu nagusia eraikinean irisgarritasun unibertsala bermatzea da, araudi eguneratua betetzen duen, errendimendu handiagoa, gaitasun handiagoa eta abiadura handiagoa izango duen igogailu berri bat instalatuz.
Orain arteko igogailuak matxura ugari izan ditu azken urteotan, eta horrek ezinbestekoa egin du haren ordezkapena. Gailu berriak beheko solairutik laugarrenera arteko solairuak lotuko ditu, solairu bakoitzean kota berean sarrera bermatuta. Gainera, ordezkapen lanak amaitutakoan, eraikinaren sarreran hobekuntzak egingo dira erabiltzaileen segurtasuna eta erosotasuna areagotzeko.
Bi hilabeteko epean amaitzea aurreikusten da, adinekoen zentroan jende gutxien ibiltzen den garaian eginez. Epe honetan, lanek eragindako udal zerbitzuak —batez ere podologia eta jantokia— berrantolatu dira, eta mugikortasun arazo handiagoak izan ditzaketen pertsonei dagoeneko jakinarazi zaie.
Proiektua higiezinaren Jabeen Erkidegoak sustatu du, eta Durangoko Udalak % 8ko partaidetza du bertan. Astarloa eraikinak erabilera mistoa du, beheko solairuetan merkataritza-lokalak ditu eta goikoetan hainbat zerbitzu sozial eta komunitario hartzen ditu, hala nola Udaleko Erretiratuen Etxea, adinekoen bi egoitza, eguneko zentro bat, parrokiako jarduerak eta herritarrentzako beste zerbitzu batzuk.
Jarduketa honekin, espazio irisgarri, seguru eta kalitatezkoak bermatzeko udal konpromisoan aurrerapauso berri bat ematen da.