Aurrera doaz Leioako bulebarraren luzapen-lanak, pixkanaka-pixkanaka amaierara hurbiltzen. Bada, astelehen honetan goizean, Bizkaiko ahaldun nagusi Elixabete Etxanobek obrak bisitatu ditu. Berarekin batera Leioako alkate Iban Rodríguez, Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako diputatu Carlos Alzaga eta foru eta udal ordezkariak egon dira baita ere.

Gaur egun lorezaintzako lan puntualak eta eremu horretan inpaktu akustikoa minimizatzeko tunelaren ahoetan fonoxurgatze-pantailak jartzea baino ez dira falta. Aldi berean tunelaren barruko obrek erritmo onean jarraitzen dute eta jarduketa guztia uda amaieran bukatzea aurreikusten da, hasierako egutegian aurreikusitakoa baino urtebete lehenago.

Etxanobek eta Rodriguezek in situ egiaztatu dute Leioako bulebar berria barne hartzen duten 57.000 metro karratuetan egiten ari diren lanen egoera; horietatik 12.000 metro karratu hiri-bilbean sartu berriak dira, BI-637 errepideko lubaki zaharraren 900 metroak estali ondoren. Estalki honek bi espazio sortu ditu kanpoaldean: bata, ibiltzeko modukoa, oinezkoentzat eta aisialdirako, eta bestea, ibiltzekoa ez dena, tunelaren bi ahoetan jarritako estalkiekin bat datorrena.

La Avanzadako bulebar berriak 620 metroko hedadura lineala du 18.000 metro karratutan, oinezkoentzako ibilbideetarako, egonlekuetarako eta aisialdirako, eta azalera horretan 120 metro banku, iturriak, farolak eta paperontziak jarri dira. Era berean, 19.000 metro karratu berdegune gaitu dira eta esparru horretan pixkanaka hainbat landare-espezietako 20.000 ale baino gehiago landatzea aurreikusten da, landare horien egokitzapenaren eta mantentze-beharren arabera aukeratuko direnak.

Bulebarraren trazadurak bidegorri bat du, inguruko bizikleta-sarearekin lotzen dena, mugikortasun jasangarria eta intermodala bermatuz. Ibilgailuen zirkulazioari dagokionez 17.000 metro karratuko plataforma du, eta bi biribilgune berri eraiki dira azalean, zerbitzubideen eta herrigunearen arteko lotura hobetzeko. Jarduketaren zati gisa, Iparragirre kaleko espaloia ere handitu egin da, orain 2,5 metroko zabalerara iristen baita, eta, horrela, erabateko irisgarritasuna bermatzen da.

Tunelaren muturretan dauden eta ibiltzekoak ez diren estalkiei dagokienez, aluminiozko panelez estalitako egitura metaliko batez osatuta daude, iraunkortasunagatik eta mantentze-lan txikiengatik aukeratutako materiala. Gainazal horien gainean zelula fotovoltaikoak instalatzen ari dira, tunelaren beraren sistemak energetikoki hornitzeko aukera emango dutenak. Era berean, 4.000 metro karratu inguruko pantaila akustikoak jarriko dira bi ahoetan, soinu-kutsadura murrizteko.

26 dezibel gutxiagoko zarata

Obrak 2023ko apirilean hasi ziren, 65,2 milioi euroko aurrekontuarekin eta egikaritzeko hasierako epea 41 hilabetekoa zen, eta dagoeneko herritarrentzat onura nabariak sortzen ari dira. Trazaduraren hiri-integrazioak bide-segurtasuna hobetu du, erabilera publikoko espazio berriak sortu ditu eta nabarmen murriztu du inguruneko zarata. Behin betiko neurketak falta diren arren, lehen erregistroen arabera 20 dezibeleko murrizketa dago aurreko mailekin alderatuta.

La Avanzadatik egunero 90.000 ibilgailu baino gehiago igarotzen dira; beraz, murrizketa honek hobekuntza nabarmena dakar osasun publikoari eta bizi-kalitateari dagokienez. 2023an, obrak hasi aurretik, egin ziren azterlan akustikoek 77 dezibelera arteko batez besteko mailak erregistratu zituzten eguneko ordutegian; gaur egun ezarritako neurriekin, berriz, 51 dezibelera igaro dira, eta horrek esan nahi du 26 dezibelioko beherakada nabarmena izan dela, oraindik pantaila fonoxurgatzaileak jarri gabe daudenean.

Aurrerapen teknologikoak tunelaren barruan

Aldi berean, tunelaren barruan lanean jarraitzen dute; tunel horietan 11 ebakuazio-galeria prestatu dira, eta segurtasun- eta operazio-sistema nagusiak instalatzen ari dira: seinaleztapena, aireztapena, argiztapena eta kontrol-sistemak. Soluzio berritzaileenen artean gorabeherak automatikoki detektatzeko kamera termiko dualen erabilera nabarmentzen da, baita sutea gertatuz gero eraginkortasunez jarduteko diseinatutako ihinztagailu-sistema bat ere.

Sistema guztien funtzionamendua tunelaren muturretan kokatutako bi lokal tekniko berritan zentralizatuko da, eta, bertatik, instalatu den 130 kilometro baino gehiagoko kableatua kudeatuko da: 50 km kable elektriko, 50 km komunikazioetarako eta beste 30 km zuntz optikozkoa.

Obra zerbitzuan jartzen denean tunelean gehienez 60 km/h-ko abiadura baimenduko da eta estalitako tarte berriak zirkulazio segurua eta arina bermatuko du.