Galdakaoko Udalak herrian egiten ari diren lanei buruz herritarrek duten iritzia ezagutzeko egindako inkestak oso emaitza positiboak utzi ditu. Galdakoztarrek oso balorazio ona egin dute, herriarekiko asebetetze maila handia eta Udalaren jardunarekiko konfiantza zabala adieraziz.

Aztiker soziologia ikerguneak egin du ikerketa, Udalaren eskariz. 378 herritarrei telefonoz zein online egindako galderen bidez osatu du lana, eta, erabilitako metodologiaren arabera, % 95eko konfiantza maila du. Inkestak 2025eko maiatzaren 27tik ekainaren 11ra bitartean egin dira.

Galdakaoko herritarrek adierazi dutenez, asebeteta daude herriarekin bizitzeko leku moduan: inkestatuen % 20,3k 10 eta 9 arteko balorazioa eman diote, % 62,2k 8 eta 7 artekoa. Batez beste, 7,5eko puntuazioa eman diote herriari. 

Herriko arazo nagusi gisa aparkaleku falta izendatu dute; % 27,4k aipatu dute. Ondoren mugikortasun arazoek eta garraio publiko gabeziak kezkatzen dituzte herritarrak (% 17,5), eta etxebizitza aipatu dute ondoren (% 11,3k). Kezka pertsonal nagusiei buruz galdetzerakoan berberak izan dira gaiak, baina garrantzia aldatuta: aparkaleku falta aipatu dute % 18,9k, etxebizitzarekin lotutako arazoak % 12,6k eta garraio publikoa eta mugikortasun arazoak % 12,3k.

Bere Udalari buruz galdakoztarrek duten pertzepzioa ere ona da eta herritarren ia %70ek konfiantza aitortu diote: inkestatuen % 29,5ek uste dute Udala herriko arazoak konpontzen ari dela, eta % 39,8k diote Udalak badakiela arazoak nola konpondu baina denbora gehiago behar duela.

Oposizioari buruz, % 17,6k uste dute proposamenak egiten laguntzen duela, baina % 19,9k kontrakoa dio; hau da, udal gobernuari oztopoak jarri besterik ez duela egiten. % 24,4k ez dute alde batera edo bestera egin, eta beste asko dira erantzunik eman nahi izan ez dutenen kopurua: % 38.

Ordezkari politikoen ezagutzan eta balorazioan badaude aldeak. Alkatea bera da ezagunena eta ondoen baloratua dena. Iñigo Hernando Arriandiaga alkatea (EH Bildu) herritarren % 72,1ek ezagutzen dute eta 7,6ko balorazioa jaso du batez beste, balorazio bereziki altua. Alkateari buruz ez ezik, Udalean ordezkaritza duten talde politiko guztietako bozeramaileei buruz ere galdetu zaie herritarrei. 

Udal gobernuaren kudeaketa aletuta, kale garbiketa jarri dute herritarrek posizio onenean: % 70,7k esan dute kudeaketa oso ona edo nahiko ona dela; kultur eskaintzan % 64,9k, eta ingurumena eta naturaren zaintzan % 63,5ek. Balorazio negatiboen batura kontuan hartuta, etxebizitzaren arloan dago kezka handiena (% 29,1). 

Oso positiboa da, baita ere, udal gobernuaren gaitasunei buruzko balorazioa: lidergoa izateko duen gaitasunari 7,1 eman diote, batez beste (inkestatuen % 67,8k esan dute gaitasun handia duela); akordioak lortzeko gaitasunari 7 (% 72,1en ustez, gaitasun maila altua du); gestiorako gaitasunari zein zintzotasunari, 6,9 eman diote bakoitzari batez beste (% 69,4k eta % 66,8k aitortu diete maila altua hurrenez hurren). 

Udalak agintaldi honetan (2023tik) egindako kudeaketari dagokionez, gehiengoak puntuazio altua eman dio: 10 eta 7 arteko puntuazioa eman diote herritarren % 68,7k.

Datozen urteetarako udal proiektuen artean, ibaiertza aisialdirako gune gisa indartzeari eta merkataritzako dirulaguntzak zabaltzeari eman diote herritarrek garrantzi handien (batez beste, 8,4 puntu bakoitzari). Kirol instalazio berriak sortzeari eta herri inklusiboagoa eraikitzeari ere 8,3ko eta 8,2ko puntuazioa eman diote, hurrenez hurren. Lehentasunak ezartzerakoan, halere, herri inklusiboagoa egitea eta kirol instalazio berriak eraikitzea gailendu dira.

Etxebizitzaren inguruan hartu beharreko neurriei buruz galdetuta, oso aldekoa izan da herritarren erantzuna. Etxebizitzaren egoera lasaitzeko hainbat herritan abiatu diren neurriekin “erabat ados” edo “ados” daudenak gehiengo argia dira kasu guztietan eta gazteentzako alokairu laguntzak handitzeak jaso du babes handiena (%86,5 erabat ados edo ados dago).