Santurtzik 21 hiri-baratze jarri ditu auzokideen esku
Bakoitzak 55 metro karratuko azalera dauka, gutxi gorabehera
Joan den asteartean, uztailaren 1ean, ireki egin zuen Santurtziko Udalak Begoñako Ama egoitzan dauden hiri-baratzeak kudeatzeko izena emateko epea. Guztira 21 espazio jarriko dira auzokideen esku, 55na metro karratuko azalera dutenak, gutxi gorabehera. Zozketa laster egingo du Udalak.
Horren harira, Edorta Rodrigo Hirigintzako zinegotziak adierazi duenez, “ekimenak oso harrera ona izan zuen duela urte batzuk eskaini zenean; horregatik berriro ekin diogu esleipen berria egiteari, euren produktuak landatu nahi baina horretarako lursailik ez duten guztiei aukera emateko asmoz. Beraz, lurra landu nahi duten herritarrak animatzen ditugu ekimen honetan izena ematera eta, bidez batez, herriaren jasangarritasunaren alde aletxoa jartzera”.
Horiek horrela, baratzea eskuratzeko eskaera egin behar da. eskari bat herritar eta familia-unitate bakoitzeko. Epea uztailaren 1ean hasi eta irailaren 18ra arte luzatuko da. Izena emateko epea amaitzen denean, zozketa egin eta hiri-baratzeak esleituko dira, zeinak lau urtez egongo diren erabilgarri.
Hiri-baratzeen ordenantza 2013an onetsi zen, eta bertan, besteak beste, adierazten zen txukun landu behar direla eta itxiera anarkikoak edo erabilera deskontrolatuak saihestu, hala nola sua edo barbakoak egitea, animaliak haztea edo ustiatzea, txabolak egitea…
Bestalde, jakin beharra dago Udalak ez duela bere gain hartuko baratzearen zaintza, ez eta gauzak, tresnak edo baratzeetan zein denok erabiltzeko diren instalazioetan egon daitezkeen bestelako objektuen lapurreta ere. Horrez gain, ez da bertan gerta litezkeen kalteen erantzulea izango. Baratzeak erabiltzean aintzat hartu beharko da Udalak egindako “Praktika onei buruzko esku-liburua”, non zenbait irizpide ezartzen diren baratzeak behar bezala erabiltzeko eta aholku praktikoak ematen diren lurra lantzeko eta lursailak mantentzeko.