LGTBIQA+ kolektiboaren historiaren eta eskubideen aurrerapenen inguruko bidaia bisual eta emozional bat bizitzeko aukera izango dute uztailaren 4ra arte Zelaieta Zentrora hurbiltzen diren bisitariek, bertan ikusi ahal izango baitute KUIR argazki-erakusketa.

Erakusketak sexu- eta genero-aniztasunaren eskubideen eta ikusgarritasunaren aldeko borrokan funtsezkoak diren uneak dokumentatzen ditu irudien bidez. Aspaldiko erreferentzia historikoetatik hasi eta Stonewalleko istiluak, trans mugimenduaren gorakada, maitasunaren ikusgarritasuna espazio publikoan edo harrotasunaren adierazpenak bezalako mugarrietaraino, argazki bakoitzak kolektiboaren bizipenen begirada zuzena eta hurbila eskaintzen du.

Erakusketa ez da historia egin dutenei egindako omenaldia soilik, egungo erronkei buruz hausnartzeko eta etorkizun bidezkoago eta inklusiboago bat irudikatzeko gonbidapena ere bada. Kultura eta artea gizartea eraldatzeko tresna gisa hartuta, KUIR topagune, elkarrizketa eta oroimenerako gune bezala aurkezten da.

Adierazpen instituzionala

Urtero bezala, Amorebieta-Etxanoko Udalak bat egingo du datorren larunbatean ospatuko den Harrotasunaren egunarekin. Horregatik, adierazpen instituzional hau zabaldu du: "Ekainaren 28an, LGTBIQ+ Kolektiboaren Sexu Askapenaren eta Harrotasunaren aldeko Nazioarteko Egunean, aniztasunetik eskubide eta bizikidetzarekin dugun konpromisoa berresten dugu, kolektibo horren eskubide eta askatasunen aitortzan lortutako aurrerapenak ospatuz. Jardunaldi hau ez da ospakizuna bakarrik, egindako bidea eta oraindik benetako berdintasuna lortzeko egin behar den lana gogoraraztea ere bada".