Durangoko Udalak 53.010 euroko aurrekontua bideratuko du Kampatorrosteta kalean kokatutako Astarloa eraikineko adinekoen zentroko igogailua ordezteko lanak egiteko. Irisgarritasuna hobetzea helburu duten obrak uda honetan abiaraziko dira.

Gaur egun, eraikinak igogailu bat du, beheko solairutik laugarrenera arte konektatzen duena. Igogailu hori eraikineko eskaileretako baten aurrean dago, eta solairu bakoitzeko kotan du sarbidea.

Ordeztuko den igogailuak matxura ugari izan ditu azken urteotan, eta horrek ordezkapen hori egiteko beharra eragin du. Igogailu berriak edukiera handiagoa izango du eta azkarragoa izango da. Obra amaitu ondoren, beste hobekuntza batzuk egingo dira eraikinaren hallean, erabiltzaileen segurtasuna hobetzeko.

Obraren aurrekontua 53.010,00 eurokoa da, gehi BEZa, eta bi hilabeteko epean amaitzea aurreikusten da. Egun horietan, adinekoen zentrora oso jende gutxi joaten da. Bertako udal zerbitzuak podologia eta jantoki zerbitzua dira batez ere; bi zerbitzuetan dagoeneko jakinarazi zaie mugikortasun arazoak izan ditzaketen pertsonei, eta berrantolatu egin dira.

Obren sustatzailea Durangoko Kampatorrosteta kaleko 9. zenbakiko Jabeen Komunitatea da, eta Durangoko Udalaren parte-hartzea komunitatean %8koa da.

Astarloa Eraikina erabilera mistoko higiezina da. Beheko solairuetan merkataritza-lokalak daude, eta goiko solairuetan, berriz, gizarte- eta komunitate-zerbitzuak. Horien artean, Udaleko Jubilatuen Etxea, hirugarren adinekoen bi egoitza, eguneko zentro bat, parrokiako jarduerak (katekesi klaseak), komunitateari lotutako beste zerbitzu batzuk eta tokiko hainbat eragile daude. Erabilera publikoko oinezkoentzako galeria pribatu baten bidez sar daiteke eraikinera.

Gizarte Ongizateko zinegotzi Jesica Ruizek nabarmendu duenez: "Gizarte Ongizateko arlotik uste dugu Astarloa Eraikinaren irisgarritasuna hobetzeko proiektu hau funtsezkoa dela herritar guztiek, bereziki mugikortasun murriztua dutenek, bertan ematen diren gizarte eta komunitate zerbitzuetara zailtasunik gabe iritsi ahal izatea bermatzeko. Adinekoentzako topalekuak funtsezko espazioak dira pertsona askorentzat, eta gure ardura ahalik eta baldintza onenak izango dituztela ziurtatzea da . Esku-hartze honekin, urrats bat gehiago ematen dugu durangar guztien inklusioarekin eta ongizatearekin dugun konpromisoan".

Bestalde, Mireia Elkoroiribe alkateak gaineratu duenez: "Astarloa Eraikinean igogailua ordezteko obrek irisgarritasuna hobetzeaz gain, eraikinaren funtzionaltasuna eta efizientzia optimizatuko dituzte. Jarduera honekin, zerbitzu modernoagoa eta seguruagoa eskaini nahi diegu eraikinaren erabiltzaile guztiei. Mugikortasuna eta bizi kalitatea bultzatzen duten azpiegituretan inbertitzea lehentasuna da gobernu taldearentzat".